argia.eus
INPRIMATU
Lizarran bai, Villatuertan ez

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko apirilaren 11

Sortzen-ikasbatuazek antolatu du laugarren urtez jaia, Hizkuntz zonifikazioari ez. Euskara ofiziala auzo eta herri guztietan lelopean. Nafarroako Villatuerta aukeratu dute apirilaren 21ean egingo duten jai-aldarrikapenerako. Herri horretatik Lizarrara lau kilometro baino ez daude, eta Deierriko Arandigoienera 500 metro. Bada, hizkuntz zonifikazioaren erruz, Villatuertako haurrek herriko eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubiderik ez dute, eta aldiz, Lizarrakoek eta Arandigoienekoek bai. Datuak esanguratsuak dira. 2011-2012 ikasturtean, Lizarrako Remontibal eskola publikoan ikasleen %62 ez zen Lizarrakoa eta D ereduan ikasten ari zirenen %48,8 eremu ez-euskaldunekoa zen. Ikastolan, %41 ez zen Lizarrakoa eta %31 eremu ez-euskaldunekoa zen. Kontuan izan behar da Lizarrako eskolek inguruko herrietako haurren bilgune zeregina betetzen dutela orokorrean, alabaina begi-bistakoa da eremu ez-euskaldunean bizi eta haurrak euskaraz eskolatu ezin dituztelako hainbat gurasok egunero burutzen duten exodoa.