Zigoitiko Etxaguen herrixkan hamabi lagunen gorpuak lurpetik azaleratu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Zantzu guztien arabera, Facundo Perezagua batailoi komunistako kideak izan daitezke, 1936ko gerra zibilean borrokaldi ugaritan parte hartu zuen taldea.
Etxaguengo elizaren ondoan, errepide berri batek erdi ezkutaturik, hobi bat azaleratu du Aranzadik. Euskal Herrian gerra zibileko gorpuak berreskuratzeko lanetan orain arte azaleratu den hobi handiena da. Hamabi lagunen hezurrak aurkitu dituzte, baina Pako Etxeberria Aranzadiko ikerlariaren esanetan, beste hainbaten aztarnak ere egon litezke. Beste kasu askotan bezala, ordea, ezin izango dituzte guztiak azaleratu, 1936az geroztik egindako errepide batek erdiz erdi harrapatu baitzuen hobia.
Aranzadik 2000. urtetik darama halako indusketak egiten eta azken urteetan makina bat gorpuzkin berreskuratu dituzte Euskal Herrian eta Espainian. Dena den, indusketa horietan jarduten duen Lourdes Errasti antropologoak Gipuzkoako Hitza-ri azaldu dioenez “badirudi azkenetan dagoela gai hau”, hobiak aurkitzeko informazioa duten pertsonak hiltzen ari direlako: “Ezinbestekoa da norbaitek pista bat ematea, hor dago gakoa” dio Errastik.
Zigoitian, herritarrek betidanik jakin izan dute faxistek leku horretan hainbat lagunen hilotzak lurperatu zituztela; etxe barruetan isilpean aipatutako kontua izan da. Duela gutxi, iniziatiba hartu eta erakundeekin harremanetan jarri ziren Felix Placer apaiza eta Marisol Hernando Etxaguengo administrazio batzordeko presidentea. Apirilaren 4an hasi eta bukatu zituzten lanak arkeologoek.
Azaldutako hezurrak 1936ko abenduan Legutioko borrokaldian hildako milizianoenak izan daitezke. Legutioko borrokaldian abertzale eta ezkertiarrek hartu zuten parte eta frankisten menpe zegoen Gasteizera iristea zuten helburu. Baina ez zuten Legutiotik igarotzea lortu eta inguru horretan hildako ugari izan zituzten; esperientzia falta aipatu izan da porrot hura azaltzeko orduan.
Aranzadiren ustez, Etxagunenen azaldutako gorpuzkinak Facundo Perezagua batailoi komunistako kideenak izan daitezke, buruz behera lurperatu baitzituzten, “ateoak bezala”, Placer-en hitzetan. Hezurren artean hainbat arkatz eta txanpon ere azaldu dira.
Legution borrokatu ziren 25 batailoietako bat zen Perezagua. 1936ko udaran sortu zen, batez ere Meatzaldeko komunistez osaturik. Legutioko borrokaldian parte hartu zuen, Otxandioko aldean, eta hantxe hil zituzten kide ugari.
Ondoren, 1937ko otsailean Asturiasera bidali zituzten, Agirren Gobernuak Oviedo hiria erasotzeko eratu zituen euskal brigaden barruan. Perezaguako kideek mendi-gain estrategiko bat menperatzea lortu zuten, baina han ere operazio orokorrak huts egin zuen; Areces herrixkako hondamena da borrokaldi hartako gertaera ezagunena, Candido Saseta komandantea hil zutenekoa, hain zuzen.
1937ko udaran Perezagua batailoia kasik deseginda zegoen, bertako miliziano asko hilda edo atxilotuta zeuden. Hala ere, beste batailoi batekin batu eta borrokan jarraitu zuten Perezaguako komunistek, harik eta 1937ko abuztuan Santoñan italiarren aurrean amore eman zuten arte, beste milaka gudarirekin. Irailaren 4an, Santoñako presoak frankisten esku geratu zirenean, fusilatu zuten lehenengo pertsona Manuel Egidazu Garai bilbotarra izan zen, Facundo Perezagua batailoiko komandante-burua.
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]