Fermin Muguruzaren 2008ko biran sortu zen Esne Beltza, atzerriko hoteletan emandako orduetan. Jarraitzaile asko izan dute hasieratik. Esperimentua maite du talde honek, eta reggae, ska, rock, doinu latinoak eta musika herrikoia batuz erakusten du asmamena. Gazta zati bat-en soinu banda eta Korrikako kantuak argitaratu dituzte azkenaldian. Zenbait kidek Fermin Muguruzaren No more tour birarekin egingo dute bat, eta Esne Beltzak urtebeteko atsedena hartuko du.
Lehenengo diskoarekin nongoak zareten erakutsi zenuten; bigarrenarekin bidaiatu eta kanpokoa ezagutu zenuten; eta hirugarrenarekin guztia batu duzue. Nolakoa izango da hurrengo lana?
Oso berritzailea izango da. Bai moldean, baita musikalki ere. Gure DJa ari da zenbait musika doinuren bila, ikerketa dezente egiten ari gara, kanpoan entzuten dena hona ekartzeko. Aurrekoetan ere egin dugu, baina oraingoan sakondu nahi dugu. Izango da kanturen bat Esne Beltzaren tipikoa, baina lauzpabost abesti ezberdin eta berritzaile nahi genituzke egin. Era berean, datorren urteko zuzenekoak ere aldatu nahi ditugu.
“Esne Beltza: zuek gabe ezereza, zuekin bagara”. Zer ematen dizuete jarraitzaileek?
Urte asko daramagu musikagintzan eta denetatik bizi izan dugu. Baina jende dezente izan dugu atzetik hasietatik, eta beraiek ematen digute indarra kantuak egiteko. Horren ordaina, urtero disko berria egitea.
Zein da sekretua hainbeste jarraitzaile –eta adin guztietakoak– izateko?
Harrigarria da. Lehenengo diskoarekin gure adineko jendea genuen alboan; Kilometroak-eko kantua egin genuenetik gaztetxoak; eta Esne Zopak-ekin jende heldu eta nagusia. Gure kontzertuak arraroak dira, 12koetatik hasi eta ia 80 urte artekoak biltzen direlako. Arraroa eta polita da.
Esne Beltzak world music egiten du?
Baliteke, kultura desberdinak nahasten ditugu. Saiatzen gara kanpokotik ikasten, baina hemen ikasi duguna ere erakusten. Kanpoan dagoenari begira dago hemengo jendea, handik zer ekarri, hemengoari erreparatu gabe. Baina biak egin behar dira, kanpokoek badute guganako interesa eta gure nortasuna argi erakutsi behar dugu. Kontzertuetan beti daukagu atal bat gurea, gure herrikoa, erakusteko.
Egia da Esne Beltza talde erabat asanblearioa dela? Erabakiak guztion artean hartzen dituzuela beti?
[Barreak] Bai, batzarrak egiten ditugu uneoro. Asko gara eta ez da batek esan eta besteok jarraitu. Adibidez, taldeko batek ezin badu kontzertu bat eman, ez diogu beste trombonista bati deituko.
Taldekideok beste lan batzuk izateak alde onak eta txarrak ditu: ezin taldeari gehiago eman, baina hankak uneoro lurrean izatea, esaterako…
Bai. Taldekide guztiok egiten dugu lan. Etzakiten garaian musikaz bizi nintzen, baina ez nintzen oso eroso sentitzen beti nengoelako hilabete bukaerara nola helduko nintzen arduratuta, kontzertuak eman behar horrekin kezkatuta. Ez dut behar hori izan nahi, gogoa da izan nahi dudana. Orain bi urte kontzertu ugari egin genituen, 70 bat, eta bukaerarako konturatu ginen ez geundela hain motibatuta. Horregatik, iaz gutxiago jotzea erabaki genuen, gogoz aritzeko.
Nolakoak dira Jon Garmendia ‘Txuria’-ren hitzak? Zer eskatzen diozue?
Txuriak eta biok oso konexio berezia dugu. Abesti bat ematerakoan, segituan daki zer kantu mota egin nahi dugun. Eta gauza bera gertatzen da hitzei musika jartzerakoan. Bera gure letra egilea da, eta ni bere musika egilea. Txuria 11. taldekidea da.
Euskal Herrian 80ko hamarkadatik hona doinu gogorrek izan dituzte jarraitzaile gehien. Zuek dantza eta kolorea gehituta apurtu duzue hori?
Rocka besterik ez da egon hemen luzaroan. Nik beste estilo asko entzuten nituen, baina hemen beti zegoen musika bera –gustuko ere badudana– eta ez ginen irekitzen. Orain, azkenean, jendea ireki da musikan eta, rockaz gain, gauza asko entzuten ditu. Esne Beltza ere hortik irten da, ez horregatik, baina bai hortik.
Uste baino jende gehiagok egiten du Freedom oihua munduan?
Uste baino gehiago, baina normalean oihukatu nahi duena isilarazten dute. Bidaiatzean asko ikasten dugu hortaz, jende asko ari dela oihuka; eta hemen ere oihukatzen dela erakusten dugu guk.
Zer nolako garrantzia dauka trikiak eta euskal folkak gaur egun Esne Beltzan?
Euskal folkak baino gehiago, musika herrikoiak, esango nuke; komeni da horiek bereiztea. Gogoan dut Ikusi mendizaleak jo genuen batean gertatutakoa. Halako kantuekin errebindikatu nahi ditugu herri txikietako jaiak, horien aldekoak garela. Kritikari batek idatzi zuen kantu hori jotzean umeen kanpamendu batean geundela ematen zuela. Kristoren mina egin zidan, ni auzo batekoa naiz eta kantu hori euskaldunontzat oso hunkigarria da. Gainera, jotzen dugunean jendea kantua abesten hasten da, eta hori energia da, indarra. Hori herri giroa da, eta ez euskal folka. Euskal folka ere gustuko dut, baina ez da gauza bera. Guk abesti hori egiten dugu Bilbon, Ereñozun, Arrasaten edo Japonian, nongoak garen erakusteko, giroa alaitzeko, trikitixa jotzeko, eta aldarrikatzeko herrietako jaiak, gure jaiak.
Elkarte, talde eta mugimendu ugarik eskatuta egin dituzte kantuak: Udalbiltza, Kilometroak, Piratak, Korrika… Zer sentitzen da kantu hori egiterakoan eta gero abesterakoan?
Guk ez dugu deitzen abesti hori egiteko, beraiek deitzen digute, eta ezetz esatea ez zaigu irteten, itsusia litzateke, beraiek sekulako lana egiten dutelako. Ahal den hobekien egiten saiatzen gara, eta beti ere aldarrikapen hori ahal den urrutien eramaten. Abestiak laguntzen dio proiektuari aurrera joaten, baina garrantzitsuena proiektua bera da.
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.
"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]