argia.eus
INPRIMATU
Idatziz pentsatu

Amets Arzallus 2013ko martxoaren 27a

Ez dut askorik idazten, baina postit-ez betea izaten dut bekokia, gero eta egokiagoa dut gainera, horretarako. Gauza ttikiak idazten ditut. Honi buruz hari buruz niri buruz. Niretzat idaztearen zentzua ez da kaligrafia eder baten bilaketa, dimentsio literarioa duen zerbait sortu nahia, edo besterik gabe hitzen urraduratik zer musika ateratzen den entzuten jartzea, ez dut idazten plazer hutsez. “Nola pentsatzen duzu?” galdetu ohi du jendeak, eta badira ibiliz pentsatzen dutenak, ideiek ere gisa horretan bide egiten dutelakoan. Egiten dute. Badira zigarro bati tiraka eta kebideari begiak emanik pentsatzen dutenak, inspirazioa arnasten ari direlakoan. Eta arnasten dute. Bada txofer doala pentsatzen duen jendea, meditazio isila paisaiari eskaintzen diona. Nik, neurea, idatziz pentsatzea dut, stylo-ari jarraituz iruditzen zait ene baitan aztarrika nabilela, iritziak korapilatzen ari naizela, hitzek laguntzen didate. Idatziz abiatzen naiz pentsatzera, eta batzuetan itzultzen naiz, zerbait besapean dudala.