argia.eus
INPRIMATU
GIB birusari aurre egin botiken laguntzarik gabe

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko martxoaren 27a
GIB birusa
GIB birusaCDC / C. Goldsmith

Joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan izua sortu zuen gure artean GIB birusak. Garai horiek bizi genituenok ezagutzen dugu hiesak eramandako bateren bat. Birusak kutsatutako batzuek, berriz, zortea izan zuten, eta egun bizirik irauten dute medikuntzan egindako aurrerapenei esker.

Hieserako sendabiderik ez da aurkitu oraindik, baina urteak igaro ahala birusa hobeto ezagutzen dugu. Ikertalde frantziar batek PLOS Pathogens web bidezko aldizkarian argitara emandako artikuluan, hamalau pertsona heldu seropositibok birusa kontrolatzea lortu dutela adierazi dute. Ez dute “sendatu” hitza erabili nahi izan oraingoz. Hamalau pertsona horiei 2000. urtearen inguruan diagnostikatu zitzaien gaixotasuna, bai oso azkar detektatu ere, eta antza, horixe izan da gerora “sendatu” ahal izatearen gakoa. Labur esanda, pertsona horien zelulek nahikoa indar dute GIB birusaren aurka borrokatzeko kanpoko laguntza edo botikarik gabe.