argia.eus
INPRIMATU
Zortearen sorta
Jakoba Errekondo 2013ko martxoaren 21
Albahaka (Ocimum basilicum).
Albahaka (Ocimum basilicum).Michael Castielli-CC By SA

Zortea edo zoria bere alde jartzeko zazpi landare gurtzeko ohitura dute Brasilen. Aldarea aldatzen dute. Landarezaleen artean bezala, aldare horietan ere denetik dago: pozoia dutenak, usain ederrekoak... Hona koadrila.

Dieffenbachia generokoren bat, ahoratuz gero ahotsik gabe ere utzi zaitzakeena. Eta zintzurrean behera pasaz gero baita ito ere. Gurtu beharko!

Bortusaia bestea, Ruta graveolens. Sukaldean bezala osasungintzan ere erabilia izanagatik, arriskutsua den landarea. Dituen alkaloide eta esentzia gogorrek azalean izpi ultramoreekin bat eginez gero babak eta zauri latzak sor ditzakete. Beldurrak intsektuak beregandik urruntzen ditu; zorriak, adibidez, landareenak bezala oiloenak.

Piperra, Capsicum annuum. Aleak beroak eta minak ematen dituen piper landarea jartzen ote dute? Berotzen edo mintzen duen zortearen landarea. Besterik ez bada, jaterakoan gozoa; nahikoa zorte!

Baita Sansevieria trifasciata ere. Bere itxura zorrotzagatik amaginarrebaren mihia deitutakoa. Landare gehienak hiltzeko moduko egoeretan bizitzeko gai dira. Zorterako bideak zailduko gaituela esateko? Amaginarrebaren mihiarekin zailduta, akaso? Airea garbitu eta oxigenatzen duela diote. Ingelesentzat sugearen landarea da. Brasilen bertan San Jorgeren ezpata deitzen dute eta Afrikatik ekarritako ohiturari jarraiki begizkoak sendatzeko darabilte.

Sukaldeetan ere gurtuenetako Ocimum basilicum, albahaka, berriz, lupuak heltzean minik ez izateko jaten dute. Nicholas Culpeper (1616-1654) astrologo eta botanikari ingelesak jaso zuenez, Frantzian zera esaten zuenik bazen: albahaka gehiegi usainduz gero garunean lupuak sortzen omen ziren.

Erromeroa, itsasoko ihintza ez beste urik gabe bizitzeko gai eta sendagai delako Rosmarinus officinalis izena duena. Oroimena hobetzeko laguntzaile ezaguna, baita ohaidea topatzeko ere. Burkopean jarritako erromero sortatxo batek amesgaiztoak uxatzen ditu, eta etxearen kanpoko aldean jarrita, berriz, sorginak. Emakumeek agintzen duten etxeetan erromero ugari, dio esaerak. Bere olioak erreuma eta lunbagoa osatzen ditu. Brasilen, okela erre behar duen txingarra bere hostoz lurrintzen dute. Sukar tifoidea gainditzen laguntzen du. Afro erlijioetan bainuetarako eta intsentsu gisa erabiltzea ez da harritzekoa.

Tipi deitzen dutena, Petiveria alliacea, zazpigarrena. Baratxuri-tankerako usainaz intsektuak uxatzen ditu. Abortu eragilea da eta etengabe hartuz gero zoramenera eraman zaitzake. Brasil!