argia.eus
INPRIMATU
Petrov

Itxaro Borda 2013ko martxoaren 20a

Dirua, eskastean, bat-batean biziki aipatzen da denetan. Pobrezia eta pataska hedatzen doaz hamarkada hauetan ustez hain oparoa den Europan barna. Eskaleak aurkitzen dira Saint Denis karrikan, O´Connell etorbidean, Donostiako Bulebarrean edo Mauleko Peko Arrüan. Perpaus anitz hasten ditugu lehen... hitza bere malenkonia zamaz lehertuz. Lehen ere, alta, astean ostiral bat baino gehiago zegoelarik frankorentzat.

Euskal Telebistak eskaintzen duen Eskerrik Asko Petrov erreportajeak ederki erakusten digu munduaren egunak, euskaldunenak halaber, ez direla beti baketsuak izan. Alderantziz, 1982tik gaur arteko irudiak begimentzean argi dago, alde edo aurka, bakarretan axolagabe, pasionatuki borrokatu garela handik eta hemendik. Berunezko mendeak jasan ditugu alabaina. Gorka Otxoaren aurkezpenek hausnarren zabaltasuna onartzen dute gainera.

Kronos gosetiaren atzamarretarik txarrena bezain hoberena garatzen zaigu pantailan. Sinetsi ezin ukigarri. Hamabi zatiekiko obrak komertzializatzeko DVD batean bildua izateak merezi luke, memoria kolektiboa zurkaizten duelako.

Eskerrik asko Petrov!