Ingurumen-heziketan aditua, eguraldi behazalea, blogaria, harri-jasotzailea eta, tarteka, bertso egilea. XXI. mendeko baserritar ilustratua.
Ikasle Abertzaleak taldeko arduraduna izan zinen ikasle garaian. Hori izan zen zure lehen jarduera publikoa?
Bai, hainbat urtez aritu nintzen hor. Unibertsitatearen sorreran oso garai polit eta aktiboak bizi genituen. Tasen igoeraren inguruko lehen borroka antolatu genuen, adibidez. Soldaduskaren aurkako mobilizazioak ere pil-pilean zeuden orduan. Oso urte interesgarriak izan ziren.
Orain Ilundaingo Haritz Berri Fundazioaren baitan Baserri Eskolako zuzendaria zara. Zer egiten duzue hemen?
Fundazioak arazoak dituzten gazteekin egiten du lan, hainbat programaren bidez. Lan hori aurrera eramateko une honetan Fundazioan 200 bat langile ari gara. Gazte hauetako batzuek Baserri Eskola programan parte hartzen dute, eta horrez gain, hemen eskolan ingurumen heziketa lantzen dugu, batez ere ikastetxeekin, familiekin, gazteekin eta jubilatuekin.
Zenbat gazte bizi dira orain Ilundainen?
Adingabeen zentroan 14 bat neska-mutil daude. Honetaz gain, Beloson, Mutiloan eta Zolinan beste erresidentzia batzuk ditugu. Denera 50 gazte dira haietan bizi direnak. Eta beste 100 bat edo gehixeago goizez etortzen dira eguneko programetan parte hartzera: zurgintza, igeltserotza eta lorezaintza. Hemen bizi diren batzuk, epaileak hona etortzea aginduta heldu dira, delituak egiteagatik. Besteak, aldiz, familian edo gizarteratzeko zailtasunak dituzten gazteak dira. Drogomenpekotasun arazoak dituztenak beste zentro batzuetara doaz. Hona, zehazki, portaera arazoak dituztenak etortzen dira, denboraldi baterako. Neska-mutil batzuen kasuan bost edo sei urtera arte luzatzen dira egonaldiak. Baserriko eta baratzeko lanak egiteaz gain, iturgintza eta elektrizitate tailerrak egiten dituzte, besteak beste. Helburua da jakintza batzuk ematea autonomoak izan daitezen, gero berriz gizartean integratzeko. Kasu gehienetan emaitza onak lortzen dira. Alde horretatik Fundazioak oso lan ona egiten du, gazte hauek kalean baleude arriskua biderkatu egingo bailitzateke.
Haien bigarren gurasoak zarete?
Hemen dauden hezitzaileek bokazio handia dute. Nik baserrian egiten dituzten lanak koordinatzen ditut, besterik ez. Berehala ikusten da oso gustura etortzen direla. Kasu askotan haien lehen harreman zuzena da animaliekin eta naturarekin. Animaliekin egotea oso onuragarria da beraientzat, terapia moduko bat. Izan ere, halako terapia gero eta gehiago egiten ari dira portaera arazoak dituzten pertsonekin eta emaitzak oso onak izaten dira. Ikusten da, nolabait, inguruarekiko, animaliekiko harreman hori gizaki orok behar dugula. Lehen, etxean genuen horretarako aukera, baina gaur egungo gizartean populazioa, gehienbat, hirietan dago, eta herri handietan ere galdu egin da baserri giro hori.
Nolakoa da gazte hauekin duzun eguneroko harremana?
Harremanak normal-normalak dira. Azken batean, Haritz Berri Fundazioan dauden gazteak beste gazteen oso antzekoak dira, baina arazo latzak izan dituzte euren bizitzetan eta horrek izugarri baldintzatu ditu. Beraiekin lan eginda azkar konturatzen zara zeinen pribilegiatuak izan garen geure bizitzetan.
Ikastetxeetatik ere talde ugari jasotzen duzue bisitan urtean barna. Zenbat haur?
6.000 haur inguru urtean. Pattalagoa izan da ikasturte hasiera baina orain jada egunero dauzkagu bisitak. Baserri eskolara etortzen diren ikastetxeetako haurren %75 inguru Iruñea eta Iruñerriko haurrak dira, hiri giroan hazitakoak. Dena den, adibidez Altsasu, Elizondo edo Erriberatik etortzen direnak ere hiri giroan bizi direla esan daiteke, eta ikaragarri gustatzen zaie animaliekin aritzea. Gaztelaniaz eta euskaraz egiten ditugu saioak eta udako kanpaldietan ingelesa ere hasi gara eskaintzen. Astebetez baserritar bihurtzen dira haurrak eta ingurumenarekin lotutako ekintzak egiten dituzte.
Lan polita zurea.
Oso polita, oso gustura nago. Gu horrela hazi ginen, lehengo moduko baserri batean. Eredu hori kasik galduta dago eta gaur egun dauden baserritarrek edo haragi behiak, edo ardiak, edo txerri pila dituzte. Ilundaingoan erakusten dugu nolako zen baserri tradizionala, anitza. Gainera, gai asko lantzen dugu programen bidez: baratze ekologikoa, mintegiak, energia berriztagarriak, basoa, klimatologia, birziklatzea…
Eguraldiaz ere asko dakizu. Nola ikasi duzu?
Zaletasuna izan dut betidanik. Gurasoei entzuten nien, irakurri dut, eta batez ere Pello Zabalari. Bere liburu eta blogarekin asko ikasten da.
Tenporek, adibidez, funtzionatzen dute eguraldia igartzeko?
Tenporekin jakin dezakegu hurrengo urtaroan zer haize nagusituko diren, eta badakigu gutxi gorabehera haize horiek zer ekartzen duten normalean, baina besterik ez. Joera moduan hartu behar dira. Hortik aurrera igartzea ezinezkoa da. Aurtengo euriteak inork ez ditu iragarri, ez dira normalak izan: bi hilabetetan, urtarrila eta otsailean, 400 litro baino gehiago egin du metro koadroko. Urte osoan bota ohi duenaren erdia. Martxoa ere nahasi joan da, baina amak zioen bezala: “Ostiralez hasten diren hilabeteak nahasiak izaten dira”.
Herri kirolak dira zure beste afizio handia.
Trontzan hasi nintzen, zaku lasterketa eta sokatira pixka bat egin izan dut, baina batez ere harri-jasotzea azken urte luze hauetan. Azken boladan, dezente aritzen naiz motozerrarekin eskulturak egiten. Oso gustura. Denetarik egiten dut: ahuntzak, krokodiloak… eta azkenaldi honetan aurpegiekin ari naiz. Astero egiten dut zerbait. Lana nahiko azkar egiten da. Lehenengo proportzioak eta formak aztertzen dituzu eta gero motozerra hartu: hasieran motozerra handia, 12 edo 15 kiloko pisua duena, gero ertaina, eta lan zehatzenak egiteko 25 zentimetroko ezpata duen 4 kilo eta erdikoa.
Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea izan zara eta orain Sakanako harri-jasotze eskolako arduraduna. Nola ikusten dituzu herri kirolak? Haur eta gazteen artean zaletasunik bada?
Badago, bai. Oinarrizko antolaketa planteatzen baduzu, lehen urtean ez bada hurrengo urtean edo bestean hurbilduko dira. Ikasle gehiegi ere ezin dugu hartu oso arreta pertsonalizatua eskaintzen zaielako. Orain sei ikasle ditugu eta nahiko pozik gaude kopuru horrekin. Nik nahiko polita ikusten dut herri kirolen momentu hau. Maila ona dago. Aizkolari gazte asko eta asko dago eta harri-jasotzaileak ere bagabiltza. Kirola gero eta gehiago ari da egituratzen eta eskolak han eta hemen sortzen. Ez gaude altxaferuak botatzeko moduan, baina gauzak egiten ari dira eta zaletasuna badago. Berriozarren oso eskola ona dago: sokatira, trontza eta kirol ugari egiten dira, Baztan-Bidasoan ere herri kirol mota asko lantzen dutena, Sakanan aizkolari eskola eta nesken sokatira talde sendoa dago, Irurtzunen harri-jasotzea… Herri kirola lehen makurrago ere egon da.
Kirolari eta entrenatzaile, baina baita blogari, idazle eta spiker-a ere…
Dibulgazioa asko gustatzen zait. Asteburutan mugitzen gara, gehienbat. Probak ikustera joan, erreportajea egin, argazkitxo batzuk hartu eta hori dena blogean jartzen dut. Egia esan jarraitzaile asko daukat, urtean zehar 60.000 bat. Teknologia berriek hori izugarri erraztu dute. Blog batean idatz dezakezu ia kosturik gabe; hori bai, ez dugu batere dirurik irabazten, gastatu baizik.
Zein da harriarekin inoiz egin duzun markarik handiena?
Duela hamar urte pisu bikoitzeko harria, 160 kiloduna, bost minutuko txandan sei aldiz altxatu nuen. Normalean 100 kiloko harriekin ibiltzen naiz. Jada ez ditut txapelketak egiten. Prestakuntza oso sakonak egin behar dira horretarako, maila nahiko altua delako.
Aurrekoan Inaxio Perurenak 300 kilokoa altxatu zuen.
Izugarria da hori. Lau harri-jasotzailek baino ez dute lortu, Euskal Herrian eta mundu osoan: bere aitak, Migeltxo Saralegik eta Iñaki Otaegi Gibitegi goiaztarrak.
Herri kirolen antzeko jokoak ere egiten dira munduko beste toki anitzetan.
Bai, baina haiekin konparatuta, hemengo probak askoz ere luzeagoak eta gogorragoak dira. Australian, adibidez, enbor bat mozten dute eta kito. Hemen, aldiz, zortzi, hamar edo hogei, apustuetan. Indar probetan ere, ahalik eta pisu handieneko pisuak jasotzen dituzte, baina behin, eta hemen aldiz, 100 kiloko harria jasotzen da, behin eta berriz, ahal den guztietan. Alde horretatik, euskaldunari ez dakit sufritzea gustatzen zaion, baina nolabait, kirolaren gogortasun hori maite du. Indar psikologiko handia behar da horretarako.
Zergatik gustatzen zaie kirola horrenbeste euskaldunei?
Nire ustetan euskaldunak gustukoa du lehia eta borroka, arlo ezberdinetan. Barruan dugun zerbait da. Nire aita ere aizkolaria izan da eta txiki-txikitatik giro hori bizi izan du,t eta gustatzen zait. Bixigarria da. Bertsoekin berdin gertatzen da. Kirolari txarra naiz, baina entrenatzea izugarri gustuko dut. Asteroko eguna eta ordua iristean, elkartu eta dugun guztia ateratzea. Bost-sei lagun elkartzen gara eta borrokan sartuta aritzen gara. Horrela gara zoriontsu, ez dugu gauza handirik behar.
Lehia hori bizitzaren beste alorretan ere ikusten da, diozunez.
Jokorako grina berezia dago eta gaur arte mantendu da apustuen bitartez, herri kirolaren kasuan adibidez, gizartea izugarri aldatu bada ere. Nik uste euskaldunon inkontziente kolektiboan ongi txertaturik dagoen zerbait dela. Gure kultura baserri giroari lotuta egon da, eta eremu horretan bizitza oso gogorra da. Eguneroko lanak lehian jarri dira aisialdian. Gure kulturaren bereizgarrietako bat da: bizitzari eta lanari loturik egon gara beti. Lehiakortasuna, bere zentzu onean ulerturik, ez dut uste txarra denik, alderantziz, errespetua eta elkartasuna bezalako baloreekin uztartzen bada, onuragarria da gizabanakoentzat eta gizartearentzat.
Eta denbora nondik ateratzen duzu?
Beti esan dut denbora baino garrantzitsuagoa dela energia. Energia izanez gero denetarako denbora ateratzen da. Antolaketa txiki bat eginez ahal da. Ni, adibidez, astero ordubete edo gehiago aritzen naiz harriarekin, asteburuetan beste tartetxo bat hartzen dut mendira joateko. Blogean egunero ordu erditxo bat zerbait idazteko, normalean gauean, haurrak oheratu ondoren. Motozerrarekin aritzeko ordu pare bat ateratzen ditut astean. Noski, telebista eta halakoak utzi behar dira horretarako. Halere, nik ez dut meriturik, gustatzen zaizkidan gauzetan aritzen naizelako.
1970eko abenduaren 14an Azpirotzen jaioa. Aita hangoa eta ama Errazkingoa. Baserri giroan hazia, Lekunberrin eta Oronozen ikasi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nekazal Ingeniaritza Teknikoan lizentziatu zen. Bost urtez lan egin zuen EHNE sindikatuan eta 2001etik hona Ilundain Haritz Berri Fundazioan ari da, Baserri Eskolako zuzendari. Nafarroako Herri Kirol Federazioko lehendakaria izan zen hiru urtez eta gaur egun Sakanako Harrijasotze Eskolako arduraduna da. Herri-kirolari buruzko zenbait argitalpen idatzi ditu, Nafarroako Federazioak eskatuta: harrijasotzea, aizkora, trontza, Iparraldeko jokoak, sokatira eta segari buruzko lan dibulgatiboak. Hori bera da bere blogaren zioa. Baina ez hori soilik, bertan aktualitateaz mintzo eta, tarteka, bere bertsoak ere plazaratzen baititu.
“Gaur egungo gizartearen ahultasun asko ekonomiaren globalizazioari lotuta daude. Mundu mailako merkatu libre horiek ez dute ez bihotzik ez sentimendurik, irabaziak lortzea da euren helburu bakarra. Konpetitibitatea zentzu horretan ulertuta oso txarra da. Gizartearen garapena gaur egungo eztabaidaren lehen planoan ipini behar da, horrek suposatzen duen guztiarekin, errespetua, elkarbizitza, jasangarritasuna, elikadura subirautza... Gogorra da esatea, baina krisiari esker jokamolde batzuk ari gara aldatzen. Jendeak berogailuak modu arrazionalagoan erabiltzen ditu. Autoa ez da hartzen lehen bezainbeste. Kontsumitzeko garaian gehiago begiratzen da eta behar ez dena ez da horrenbeste erosten”.
Pertsonok ze erraz epaitzen dugun aldamenekoa (edo aldamenekoa ez dena). Norberarenak izan ezik, gainontzeko guztiak ematen du erraza. Berehala bilatzen diogu irtenbidea besteenari. Eta ze zaila den norberak barruan duena kudeatzea. Askotan, pertsona konkretu batzuk idealizatzen... [+]
Duela hogei urte izan zen, Japoniako Akita hirian jokatu zen txapelketa batean: podiumetik alde egin zuen Sakanako sokatira taldeak Espainiako ereserkia entzutean. Une hura eta geroko zalaparta ondo gogoan dute Bea Razkinek eta Nerea eta Belen Lizarragak, aldarria egin zuten... [+]
Pasa den astean, lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin zuten Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.
Baiko-ko pilotariek, enpresarekin bizi duten gatazkan urrats berria emanez, iragarri dute urrian hamabi lanuzte egingo dituztela, 9an hasi eta 26ra bitartean.
Lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin dute asteazkenean Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.
"Herriko festa guztiak-eta bertan behera geratu dira. Hortxe ikusten genituen lau sosa gastuei aurre egiteko, herri kirol erakustaldiak-eta eginez, eta momentuz ez da ezer izango, eta ez dakit zer gertatuko den".
2008an arpana probatu zuenetik herri kirolei lotuta dabil Berako gaztea. Larunbat honetan jokatuko den Urrezko Aizkora Txapelketako finalean bertze txapel bat janztea izanen du helburu
Badira gurean kirol arloko kalitatea hobetzeko hartzen ari diren hamaika neurri, dela maila eta eremu ezberdinetako teknikarien formakuntza minimoak zehazteko eta horien profesionaltasuna bultzatzeko, dela osasun arloko profesionalen kirol esparruko espezializazioa sustatzeko... [+]
Urrezko Aizkorak tarte handia izango du aldizkarian eta hilabetean behin argitaratuko da.
Urrezko Aizkorak tarte handia izango du aldizkarian eta hilabetean behin argitaratuko da.
Edozein negoziaziotan, mahaian eseri aurreko barne hausnarketak oso garrantzitsuak direlakoan nago. Tartean daudenen indarrak neurtu behar dira, eta noraino iristeko prest zauden garbi izan. Gero eginaz, esanaz, eta batik bat sinatuaz damutzeak galtzaile bihurtuko zaitu, eta... [+]
Ane Elordi (Zornotza, 1991) Arratiako Harriti nesken taldera batu zen orain hiru bat hilabete. Talde lanean 500 kiloko harriari tiraka erakustaldiak eskaintzen dituzte. Indarra behar da, baina gakoa koordinazioan dagoela dio.
Suedian jokatutako txapelketan lortu dute domina, lur gaineko 580 kilogramoko proban lehiatuta. Sokatirako taldeak 2014an lortu zuen ofizialtasuna.