argia.eus
INPRIMATU
Gerra bat hasteko aitzakiarik behar duzu?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko martxoaren 21a

San Juan uharteak (egungo AEB), Atlantikoa, 1859. AEBetako ipar-mendebaldeko artxipelagoan kolono britainiar nahiz estatubatuarrak bizi ziren, eta bi potentziak uharteak mendean hartzeko ahaleginetan ari ziren. Lyman Cutlar izeneko kolono estatubatuarrak zerri bat ikusi zuen bere patata saila zapaltzen, eta tiro egin zion; zerria britainiarra zen. Agintari britainiarrek urdearen hiltzailea atxilotzeko agindua eman zuten, hark kalte ordainak ordaindu ezean.

Kolono amerikarrek armadari laguntza eskatu zioten orduan, eta armada estatubatuarra borrokarako prest bertaratu zen. Maniobrari erantzunez, britainiar gobernadoreak gerraontzi bat bidali zuen uharteetara. Hala, afera nahasiz joan zen pixkanaka, uharteetan 400 soldadu estatubatuar gotortu ziren, kostalde parean milatik gora soldaduz osatutako flota britainiar txikia bildu zen... eta bat-batean norbaiti bururatu zitzaion zerri bat ordaintzea gerra bat hastea baino merkeagoa eta errazagoa zela. Nazioarteko gatazka piztu baino lehen apaldu zen, biktima bakarra eraginez: zerria. Handik urte gutxira AEBek eta Britainia Handiak Wilhelm I.a kaiserrari bitartekaria izateko eskatu zioten eta hark erabaki zuen irla multzoa AEBen eskuetan uztea .

Hogei bat urte lehenago beste aitzakia ergel batek Mexiko eta Frantziaren arteko gatazka piztu zuen, eta orduan ez zuen inork geldiarazi. 1832an Santa Anna presidentearen ordezkari batzuek Remontel izeneko sukaldari frantziarraren jatetxean pastel batzuk jan zituzten eta kontua ordaindu gabe alde egin zuten. 1838an Deffaudfis baroiak, Frantziak Mexikon zuen enbaxadoreak, hainbat eskaera jaso zituen, besteak beste Remontelena. Mexikoko Gobernuak ez zien eskaerei erantzun eta urte hartako apirilaren 16an Pastelen Gerra piztu zen. 1839ko martxoaren 9a arte luzatu zen gatazka, 6.000 soldaduk parte hartu zuten, eta 200dik gorako hildako izan ziren.

Gerrari aitzakia eta izena eman ziotena Remontelen pastelak izan arren, horren atzean arrazoi sakonagoak zeuden, jakina: Frantziak merkataritza abantailak lortu nahi zituen Erdialdeko Amerikan, eta Mexikoko gobernuaren eragozpenekin egin zuen topo.

Eremu berean, baina XX. mende betean, futbolak piztu zuen metxa. 1969ko ekainaren 27an, Mexiko Hirian, El Salvadorrek eta Hondurasek 1970eko Munduko Koparako sailkatzeko partida jokatu zuten. El Salvadorrek 3-2 irabazi zuen eta amaieran zaleen arteko liskarrak izan ziren. Urte hartan Hondurasko nekazaritza erreformak El Salvadorreko milaka nekazariren deportazioa eragin zuen eta, giroa pil-pilean zela, uztailaren 14an El Salvadorreko armadak Honduras eraso zuen. Lau egun besterik ez zuen iraun, baina 2.000 hildako eta 15.000 zauritu eragin zituen.