Errepidearen amaieran

  • Belaunaldi borrokalari eta gogor baten azken ordezkariak dira. 95 urtetik gora dute. 1936ko Gerra Zibileko gudari eta milizianoak dira. Hitzaldiak, omenaldiak, egunkarietara gutunak… Bizitzaren azken txanpan, euren ideien eta askatasunaren alde zutik diraute oraindik: Felix Padin anarkistak, Jose Moreno nazionalistak eta Marcelo Usabiaga komunistak hitzak tirokatzen jarraitzen dute memoriaren lubakietatik.

Marcelo Usabiaga Donostiako Tolosako hiribidean; 70 urte lehenago errepide hura egitera derrigortu zuten, preso zegoela.
Marcelo Usabiaga Donostiako Tolosako hiribidean; 70 urte lehenago errepide hura egitera derrigortu zuten, preso zegoela.Aitor Azurki
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Bidankozetik Igarira zihoan errepidea egin genuen diziplinazko langile batailoi batean, 1940tik 1942ra.600 preso-edo. Dena eskuz: harria harrobitik zati handietan ekarri, marraturiko errepidera eskorgaz garraiatu, eta, tiki-taka, pixkana harria borraz txikitu eta zabaltzen genuen. Gero eta harri gehiago jartzen ziguten gainera, txikitzeko! Ondoren Gipuzkoara: Gaintxurizketa, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Zarautz… Bizitza osoan hala izango gintuztela uste genuen!”. Felix Padin (Bilbo, 1916), Durruti batailoi anarkistako tenientearen hitzak dira, errepideak egitera behartu zuteneko oroitzapen latzak gogoan.

Handik gertu, Donostian, Marcelo Usabiaga (Ordizia, 1916) Alderdi Komunistako Rosa Luxemburgo batailoiko miliziano eta errepublikar bateria antiaereo bateko teniente ohiak ere hiriko errepide ospetsu bat egin behar izan zuen, preso zegoela: Tolosako hiribidea. “Oinez Ondarretako kartzelatik hona ekartzen gintuzten eta nire lana harriz beteriko bagonetak bultzatzea zen, beste hiru presorekin batera. Ikusten duzun hau guztia mendia zen garai hartan. Ni heldu nintzenerako, errepidea harriz estaltzea baino ez zen falta”, dio ahots indartsuz Donostiako Ibaeta auzoan, errepide hori bera zapaltzen ari den bitartean.

Urte andana azpiegiturak eraikitzen igaro ostean, diktaduraren jazarpena pairatu behar izan zuten. Baita hamarkada luzetako espetxe-zigorra ere. Ondoren, Trantsizioan eta demokrazian ahanzturan murgildu zituen gizarteak. Nolanahi ere, askatasuna eskuratu bezain laster, borrokan jarraitu zuten; bakoitzak ahal zuen neurrian.

Jose Moreno (Deustu, 1818) STV-ELAko San Andres batailoiko gudariak ere bereak eta bi pasa zituen langile-batailoietan. 2005ean, demokraziaren alde aritutako guztiak omendu asmoz Aterpe 1936 elkartea eratu zuen, beste hainbat borrokalarirekin batera. Baita presidente izan ere. Morenoren helburua Artxandan gudari eta miliziano guztiak omentzeko monumentua ipintzea zen: “Nazionalista naiz, baina ez zitzaidan ondo iruditzen soilik gudariez hitz egitea. Hemen mundu guztiak borrokatu zuen, komunistek, sozialistek, anarkistek, nazionalistek… Eta 2006an jarri genuen plaka hori batailoi guztien omenez da, Euskadin sufritu zuten guztientzat egina. Asko kostata, baina azkenean jartzea lortu genuen”.

Elkarteko sortzaileez itaundurik, denboran atzera doa gudaria: “Jose Mari Otxoa de Txintxetru zegoen, beste anarkista hura, burukide bat… Baina hiltzen ari dira, bizpahiru baino ez gara geratzen”. Hala ere, urtero-urtero, zazpigarren urtez, ekainaren 18an, Artxandara hurbiltzen da Moreno. Azken gudaria da. “Jaungoikoak nahi badu, aurten ere bertan izango naiz”.

Anaia lurpetik ateratzen

Demokrazia heldu bezain laster, Bernardo anaia fusilatu eta lurperatuaren bila hasi zen Marcelo Usabiaga buru-belarri. 1978an, Pikoketara hainbat aldiz jo zuen, lurperatuen kokalekuaren bila, harik eta bilatu zuen arte: “Atxilotu eta berehala, baserri baten aldamenean fusilatu zituzten hamazazpi pertsona inguru, adinez txiki ziren batzuk, gainera. Baserriko jabeek ez zuten non lurperaturik zeuden esan nahi. Azkenean, iloba batekin hizketan, gutxi gorabehera non zeuden argitu zigun”.

Esan eta egin. Lurra harrotzeari ekin zion Usabiagak gainerako fusilatuen senitartekoen laguntzaz, eta, bat-batean, ordura arte irudipena besterik ez zena, egia bilakatu zen: txanpon bat topatu zuten. Hantxe zeuden hildakoak. Gorpuzkin guztiak atera eta Irungo hilerriko mausoleo batean ehortzi zituzten denak elkarrekin. “Ez genuen nahi izan hezur bakoitza norena zen jakin. Berreskuratu nahi genituen, duintasunez lurperatu. Besterik ez”, dio komunistak, mendeku izpirik gabe.

Marcelo Usabiagak eta Jose Morenok letxe, demokrazia garaia iritsitakoan Felix Padin anarkistak bere militantzia berpiztu zuen. CNT sindikatuko bileretan aritu zen etengabe Espainiako Estatuan, eta gogor borrokatu behar izan zuen bere bizileku bilakatu zen Miranda de Ebron CNTk lokala eskura zezan. “Hasi ginenean, bilerak nire etxean egiten genituen. 1989an Bilbon gestioetan hasi nintzen eta adiskide batek eta biok Miranda de Ebroko sindikatua berreskuratzeari ekin genion. 1990ean jada funtzionatzen ari zen eta bi urtera ofizialdu genuen”, dio.

Harrezkeroztik, herriko anarkismoaren sinbolo bilakatu da Padin, Espainiako Estatuan ere erreferentzia da. 2011n CNTren mendeurrena zela-eta, Bartzelonara joan zen gonbidaturik. “Hortaz, Felix, deitzen dizuten leku guztietara joaten jarraitzen duzu, ezta?”. “Jakina! Astelehenean Madrilera naramate, Buenos Airesen lez, diktaduraren biktimen aldeko erreklamazioa egin behar baitu CNTk. Nik etenik gabe jarraitzen dut, baina orain jada ez noa mobilizazio guztietara, noizean behin soilik, ezin dut-eta hankekin”.

Borrokarako grinaz gain, umorea ez zaie falta militante zahar hauei. Jose Morenok egunkarietara gutunak idazten segitzen du. “Asteazkenean bat irten zen eta orain beste bat idazten ari naiz. Zuk idazten jarraitzen al duzu? Bada kontuz, ea biok kartzelaratzen gaituzten! Kar, kar, kar. Ez zaitez hauetaz fio…”. Morenok makina bat gutun idatzi du, gehienak Deia egunkariak argitaratuta. “Txosten handi bat dut eta bertan guzti-guztiak dauzkat batuta. Ez dakit zenbat ditudan, asko idazten dut eta”.

100 urte betetzetik gertu dauden arren, sasoiko jarraitzen dute hiruek jo eta ke: “Asko dago hitz egiteko. Frankismoaren sinbolo bakar bat zutik geratzen den bitartean, eta frankismoaren biktimak aintzat hartu arte, hemen ez da bakerik egongo”, azaldu digu argi eta garbi nazionalistak.

Izan ere, askok oraindik ez dakite non lurperatu zituzten beren senitartekoak. “Gureek ezin dituzte hilerrietara loreak eraman. Hori ez da ezkutatu behar; gizarteak jakin behar du zergatik eman zuten estatu kolpea. Eta hemen inork ez du ezer esaten…”, argudiatu du bizkaitarrak. Grina eta energia odolean daramatela ezin uka: “hitz egiten dudanean, sutan jartzen naiz, ez dagoelako eskubiderik. Ez dut gorrotoarekin hitz egiten, egia jakin dadila nahi dut”.

Gaztedia, “edanda baino okerrago”

“Gazteak onak dira, baina ez dira lehengoak bezalakoak, ez dute espiritu hori. Doktrinamendua eta kemena falta zaizkie. Asko eta asko edanda baino okerrago daude, gertatzen ari den guztiarekin, kalera irten eta jada hau guztia moztuta izan behar genuke”. Padinek oso argi ditu ideiak, eta, gaztetan lez, gaur egun ere, nahiz hankek lehen bezala ez erantzun, berdin-berdin jarraitzen du. Garoñako zentral nuklearraren aurkako manifestaziora, esaterako, urtero joan da, oraintsu arte: “Etxetik gertu diren guztietara joaten saiatzen naiz. Garoñakora aurten ez naiz joan… aurreneko aldiz. Baina egon beharra dago! Igandean beste manifestazio bat dago, gertatzen ari diren gauzen aurkakoa. Badaezpada ere, adiskideak nire atzean joaten dira beti, erortzen banaiz eusteko, eta noski, oraingoan ere bertan izango naiz.”.

Usabiaga ere ez da geldirik egoten den horietakoa. Omenaldiz omenaldi dabil, azkena, Donostiako Ondarretako kartzelan izandako preso errepublikarrena. “Mesfidantza handia dago oraindik gaiaz argi eta garbi aritzeko. Zuhurtzia, gehiago sakontzeko beldurra, nagusi da oraindik”. Hitzaldiak ere ematen ditu ordiziarrak eskoletan, euskaltegietan, gaztetxeetan, elkarteetan… Gerran eta espetxean izandako bizipen latzez mintzo da beti. 21 urteko kartzelaldiaz. “Egia jakin beharra dago eta hala jarraituko dut ahal dudan bitartean”.

Diktadurak errepidegile bilakatu arazi zituen gure protagonistak, eta bizitzaren errepidean barna ere ederki egin dute aurrera. Gerrak, espetxeak eta langile-batailoiek euren adiskide asko eta asko desagerrarazi zituzten. Denborak ere hamaika irentsi ditu azken hamarkadotan. Jada ez da ia borrokalaririk geratzen gure artean. Betiko desagertzear den belaunaldi ausart eta konprometitua dugu; eta Padin, Moreno eta Usabiaga azken bozeramaileak dira.

Errepidearen amaieran dira, baina ez dira kikiltzen: “Ez naiz ezertaz damutzen. Berriz egingo nuke guzti-guztia”, dio erabat ziur Usabiagak. Felix Padinen berbak ere indartu egin dira bat-batean, biziagotu: “Ikusten dut ez zarela geldirik egoten”. “Ez, ez. Kar, kar, kar! Ahal dudan bitartean, egiten segiko dut!”, erantzun du barrez. “Eta zuk, Jose, borrokan jarraituko al duzu?”: “Hil arte. Ez niregatik, euren bizitza eman zuten guztiengatik baizik. Hemen ez da inor horretaz gogoratzen. Etengabe ari dira adiskidetzeaz, baina inoiz ez dira frankismoaren biktimez gogoratzen. Inor ez!”.

Euren etsenpluak gidaturik, gerra zibil anker hartako azken “heroi anonimo” hauek desagertzen direnean ere, memoriaren errepidetik aurrera jarraituko dute belaunaldi berriek.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Eguneraketa berriak daude