argia.eus
INPRIMATU
Venezuela
Chavez presidentea. Presidente?
  • “Chavez presidentea” esate hutsak erantzunak eragiten ditu interneteko sare sozialetan: Presidente? Diktadore esan nahiko duzu”, dio internauta batek. Edo: “Hitler ere hautestontzietan aukeratu zuten

Olga Rodrí­guez 2013ko martxoaren 13a
Chavezek azkenera arte defendatu zuen Hego Amerikarako proiektu bolivariarra.
Chavezek azkenera arte defendatu zuen Hego Amerikarako proiektu bolivariarra.Diario de Octubre

Chavez ez zen diktadorea, CNN katean, interes labainek bat egiten duten aferetan geroz eta informazio lerratuagoa eskaintzeko joera duen telebistan berrikitan esandakoa gorabehera. Hirutan demokratikoki hautatutako presidentea izan zen. Haren agintaldian Venezuelako pobrezia erdira murriztu zen eta analfabetismoa ia erabat ezabatu.

1999tik 2010era eskualdean desoreka gutxien zuen herrialdea bihurtu zen Venezuela, Gini koefizientearen arabera, Hego Amerikako bigarren herrialde izan zen pobrezia murrizten: %49,4tik %27,8ra. UNESCOren datuen arabera, eskolatze eta alfabetatze programen bidez, lehenago hezkuntzarik jasogabeko biztanleen %92,5ek irakurtzen ikasi zuten hamar urtetan. 2003tik aurrera, doako oinarrizko osasun laguntza, diru publikoz lagundutako elikagaiak eta lehen nahiz bigarren mailako hezkuntza eskaintzeko ‘misioak’ bultzatu ziren.

Nazio Batuen Giza Garapenerako Programaren Indizean ere gora egin zuen, 0,735era iritsi arte; horri esker, Hego Amerika eta Karibeko hogeita hamahiru herrialdeen artean hamalaugarrena da, Peruren, Ekuadorren, Brasilen eta Kolonbiaren aurretik. AEBetako presidente ohi Jimmy Carterrek berak azpimarratu izan zuen Chavezek Venezuelako pobrezia erdira murriztea lortu zuela.

Venezuelan 2002ko estatu kolpea izan zenean, Venezuelako herriak Chavez alde egitera behartzen zuela zioten titularrak argitaratu ondoren, inork ez zuen meaculparik bota, ezta errealitateak titular haiek oker zeudela erakutsi zuenean ere. Chavezek eta haren aldekoek 2004ko erreferenduma, 2004ko eskualdekako hauteskundeak eta 2005eko legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituzten, baita 2006ko eta 2012ko presidentziarako hauteskundeak ere, botoen %62,84 eta %54,84rekin, hurrenez hurren, eta parte-hartze portzentaje handiarekin.

Eginkizuna Hego Amerikan

Venezuelako presidenteak herrialdeko elite zuri aberatsaren pribilegioen aurka egin zuen, behartsuenei bideratutako politikak abiarazi zituen eta Venezuelako petrolioa arrotzen esku uzteari uko egin zion. Lotura estua izan zuen Kubarekin, La Habanara petrolioa bidaliz sendagile trebatuen truke, ALCA Merkataritza Librerako Hitzarmenaren aurka egin zuen, ‘hegemoniko eta inperialistatzat’ jo zuen, eta horren ordez ALBA (Amerikako Herrien Aliantza Bolivariarra) bultzatu zuen.

Atzerritarrek politikoki nahiz ekonomikoki maneiatzen duten eskualdean, bere herrialdearen benetako independentzia defendatu nahi izan zuen, identitate propioa eman, iparraldeko atzaparretatik eta nazioarteko finantza boteretik urrun.

Petrolio gordin astunerako findegiak nazionalizatu zituen; Exxon Mobil nahiz Conoco Philips AEBetako enpresek proposatutako baldintzak onartu ez, eta alde egin zuten. Ternium Sidor burdingintza enpresa berriro nazionalizatu zuen, herrialdeko telekomunikazio enpresa nagusia eta elektrizitate konpainia pribatu handiena publiko bihurtu zituen, eta nekazaritza lursailak desjabetu zituen latifundioak deuseztatzeko. Jakina, askok ez zituzten gogoko neurri horiek guztiak.

Ekarpen negatiboari dagokionez, ekintza onak ez bezala ederki zabaldutako kontuak daude: inflazioa, monetaren debaluazioa, Venezuelako kaleetako delinkuentzia maila altua, bere pertsonalismoa edo Siriarekiko harremanak. Arerioek adierazpen askatasuna mugatu izana egotzi diote, eta autoritario nahiz sektariotzat jo dute.

Ziurrenik haren erretorika eta akatsak berriro gogoraraziko dizkigute. Horren kontra distantzia hartzea, kontrastatzea eta nork bere ondorioak ateratzea komeni da beti.