Ura urre nola bihurtu asmatzekotan, ez argitaratu emaitzak hizkuntza gutxitu batean. Horra EHUren arazoetako bat: ikerkuntzan euskara sustatzeko neurri orok topo egiten du aspaldi eraikitako hesiekin. Oraingoz ezin gaindituzko hesiak dira, beren lanaren berri euskaraz eman nahi duten ikertzaileek ondo dakitenez.
EHUko Zientzia Fakultatean elkartu gara izena ezkutuan gorde nahi duen irakaslearekin. Bere bulegoan hartu gaituenean paper bat du eskuan; Unibasq-ek bidali dio, hau da, Eusko Jaurlaritzak EAEko unibertsitate sistemaren kalitatea ebaluatzeko sortutako agentziak.
Aipatutako dokumentuaren bitartez, Unibasqek esplikatu egiten dio irakasleari zergatik ez duen lortu puntu nahikoa Irakasle Oso bihurtzeko, eta ondorioz unibertsitatean estatus hobea lortzeko: “Eskatzailearen argudiatzeak aztertu ostean, batzorde honek berresten du aurrez emandako puntuazioa. Argitalpen zientifikoetan plazaratutako lanei dagokien puntu kopurua asko aldentzen da Irakasle Oso batek behar lukeenetik. Maila hori eskuratu ahal izateko, hautagaiak handitu egin beharko du itzal handiko aldizkarietan egindako ekoizpen zientifikoa”.
Ez dugu asmorik, ezta gaitasunik ere, gure solaskidearen produkzio zientifikoa noraino den bikaina epaitzeko. Berarengana etorri izanaren arrazoia beste bat da: hizkuntza aldetik dagoen desoreka batez ohartarazi nahi gaitu. Unibasqek aztertutako epean, dozena eta erdi inguru ikerlan argitaratu ditu euskaraz, eta denen baturagatik zero puntu eskuratu ditu. Gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu duen bakoitzarengatik baino gutxiago. Hori bai, Euskararen Ezagutza alorrean puntu kopuru maximoa eman dio Unibasqek gure irakasle anonimoari. “Baina nik ez ditut lan horiek idatzi euskara menperatzen dudala frogatzeko; zientzia-ikerlanak dira”.
Ikerkuntzan, egindako lanaren kalitateak baino garrantzi handiagoa izan ohi du haren oihartzunak, eta euskaraz lor daitekeen oihartzuna hutsaren hurrengoa da. Edo hutsa besterik gabe, Unibasqen irizpideak aintzat hartzera. Hori jakin badaki urtarriletik EHUko Euskara errektoreorde den Xabier Etxaniz Erlek. “Artikulu baten inpaktua neurtzeko irizpide bat da zenbat aldiz izan den aipatua, eta euskaraz idazten baduzu ia inork ez zaitu aipatuko. Ingelesez idatzita, aldiz, askotan aipatuko zaituzte”.
Ez du ingelesa alferrik aipatu Etxanizek, nazioartean ikerkuntzaren lingua franca baita. Esamoldea ez dugu geuk asmatu, EHUk berak idatzitako dokumentu batetik atera dugu: 2007tik 2012ra arteko Euskararen Plan Gidaria. Hona zer dioen Planak lingua franca-rena aipatzen duen paragrafo berean: “Erabat estandarizatuta ez dagoen euskara bezalako hizkuntza baten kasuan, euskaraz lan egin eta argitaratzen duten ikertzaileen ekarpenak ezinbestekoak dira”.
Euskaraz egindako ikerketa bultzatu beharra azpimarratzen du, hortaz, Plan Gidariak, eta horretarako hainbat neurri proposatzen du. Abian dira guztiak, baina ezin esan bost urteotan euskararen egoera biziki hobetu denik ikerkuntzaren alorrean.
Plan Gidariaren epea agortuta dagoenez gero, ikusi beharko da datozen urteetarako zer nolako egitasmoa garatzen duen errektore-talde berriak. Momentuz, eta ikerkuntzan euskara sustatzeari dagokionez, honakoa aurreratu digu Xabier Etxanizek: “EHUk euskara hutsezko hiru aldizkari zientifiko argitaratzen ditu: Ekaia, Gogoa eta Tantak, oihartzun eskasa dutenak. Gure asmoa da paperean orain arte bezala jarraitzea baina edizio digitalak elebidunak izatea, euskaraz eta ingelesez. Horrela, gure bi helburuak bete ahal dira: ikerketa egitea bata, euskarazko corpus zientifikoa osatuz joatea bestea. Euskaraz doktorego-tesi bat egitea oso garrantzitsua da euskararen garapenerako, baina beste aldetik ikusi behar da zer ekarpen egiten zaion zientziari. Logikoena da horren berri ematea kanpoan. Eta zer hizkuntza erabiliko duzu horretarako? Ingelesa”.
Xabier Etxanizen hitzetatik bakarrik ez, Euskararen Plan Gidariaren pasarte askotatik ere ondorioztatzen da euskarak ingelesa beharko duela bidaide, ikerkuntzan ospe pixka bat irabazi nahi badu. Euskarak EHUn duen lehiakide nagusiak, gaztelaniak, ez du arazo hori. Agian ez da ikertzaileen lingua franca, baina 500 milioitik gora hiztun edukitzea ez da berme ahula.
Asmoak asmo eta neurriak neurri, bide luzea dago egiteke, Lore Erriondo EHUko Filosofia eta Hezkuntzen Zientzietako irakasle eta ikertzailearen iritziz. Ez dugu ausaz aukeratu Erriondo mintzakide modura, 2012ko Euskal Kulturaren Urtekarian idatzi zuen honengatik baizik: “Ikerkuntzari dagokionez, euskarazko ikerketa proiektuak urriak dira eta ikerketa-talde euskaldun gutxi daude. Ez da errenta euskaraz ikertzea: laguntza gutxi, curriculumerako balio eskasa, sortze lan handia eskatzen du terminologia mailan, talde eraketan, baliabide urriak eta beste hizkuntzatara itzuli beharra aintzat hartzea nahi bada”.
Norberaren curriculuma gizentzeko duen balio eskasaz gain, beste faktore batzuek oztopatzen dute euskaraz ikertzea, Erriondoren esanetan. Esanguratsuenetako bat lan-kargaren banaketan dagoen desoreka da. EHUk irakasle elebidunak eta elebakarrak –hots, gaztelaniadunak– bereizten ditu; lehenbizikoek euskaraz zein gaztelaniaz eman ditzakete eskolak, bigarren multzokoek gaztelaniaz baino ez. Horrek zama dakarkie euskaldunei, ikertzeko denbora kentzen baitie. Euskararen Plan Gidariaren Luzapena izeneko dokumentuan desoreka hori existitzen dela onartzen du EHUk, bai eta arazoari aurre egiteko neurriak iragarri ere, baina momentuz arazoa hor dago.
Erriondok garbi du euskarak ezin duela munduan ingelesarekin lehiatu, baina uste du errealitate horrek ez gaituela konformatzera eraman behar. Alegia, EHUren zereginetako bat dela euskara sustatzeko eginahalak egitea –unibertsitatearen estatutuek diotenez, bestalde–; irakasle errenteriarraren hitzetan, “euskararen aldeko faktore zuzentzaileak” ezartzea.
Orain arte egindakoa ez zaio nahikoa iruditzen Erriondori. “Irakaskuntzaren alorrean aurrerapausoak izan dira eskaria egon delako, baina ikerkuntzan ez da gauza bera gertatzen; ikerkuntzan, kontsumitzaileek ez dute eskatzen euskaraz egiteko”. Hona adibide gordina: 2001/2002 ikasturtean EHUn defendatu doktorego-tesien %8,3 euskarazkoa izan zen, eta %3,1 ingelesezkoa. Gainerakoa, gaztelaniazkoa. Hamar urte geroago, 2010/2011n, euskararen portzentajea ia berbera zen, eta ingelesarena, aldiz, sei halako: %18,3. “Ikasketak hasten dituzten ikasleetatik gutxi batzuk iritsiko dira ikertzaile izatera, eta horrainoko oztopo-lasterketan etengabe ematen diegun mezua da ingelesa erabili dezatela”, dio Lore Erriondok, “horrek ate gehiago zabalduko dizkielako. Bada, ateak zabaltzea bada kontua, ikertu dezatela euskaraz, eta gero arduratu dadila unibertsitatea ikertutako hori nazioartean zabaltzeaz”.
Xabier Etxanizek aitortzen du militantetik zerbait baduela tesia euskaraz aurkezten duenak, EHUk lan hori errazteko laguntzak eman arren. Eta gauza bera esan liteke ikerketaz oro har. “Militantzia horretatik aparte, EHUk pizgarriak eman behar ditu euskaraz argitaratzeko”, dio errektoreordeak. Pizgarria zein den asmatzea, horra gakoa.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.
Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.
PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]
Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.
Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]
WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.
Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]
Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]
Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]
Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]
1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.