argia.eus
INPRIMATU
Sentimenduen iraultza
  • Triz3ps :: EP

    NoCD-Rekords, 2013

Joxi Ubeda Goikoetxea 2013ko martxoaren 13a
Lehenengo lanean erakutsi zuen bidetik jarraitu, doinua zehaztu eta sendotu, eta oso lan ederra kaleratu du Triz3ps taldeak. Borobila, trinkoa, eta dantzagarria, erabat. Aurreko diskoarekin alderatuta, EP lana osoagoa da, gorabeherarik gabekoa. Beste urrats bat, urrats sendo bat, Triz3psen ibilbidean.

Javi P3z disc-jockey, musikari, konpositore eta ekitaldi antolatzaileak, eta Alberto Bosch eta Oriol Flores musikariek jotzen dute Triz3ps taldean. Lan berri honetan, Paul San Martin (teklatua) eta Luis Camino (perkusioa) aritu dira haiekin.
Argitalpen mugatuko lana da EP, 10 hazbeteko binilozko disko batez eta CD batez osatua. Triz3pseko kideek sei kantu grabatu dituzte lan honetarako.

Diskoa ipini, eta lehen nota entzuten denetik jadanik ezin zara geldirik egon. Kantu gehienak biziak dira, energia handikoak. Funky eta soul doinu indartsuak dira –diskoari hasiera ematen dion Eüterpe kantua, esaterako–, lasaiagoak diren hainbat pasarte hunkigarriz tartekatuak –Bizitza maite kantua oso polita da–.

Doinuak ederrak dira, eta musikari guztien lana bikaina izan da. Kantuak oso ondo joak, kantatuak eta jantziak daude. Halaber, Kaki Arkarazok oso ekoizpen ona egin du Garate estudioan, oso soinu ona lortu baitu, ozena, berehala mugiarazten zaituena.
Aurkezpena ere azpimarratzeko modukoa da. Dotorea. Digipack gisakoa, 10 hazbeteko binilo batez eta CD batez osatua. Lierni Aldaberea arduratu da diseinuaz. Argazkiak, berriz, Flor Azketak egin ditu.

Kantuetako mezuak ganoradunak eta zentzudunak dira. Gogoeta egitera bultzatzen zaituzte. Denboraren iragaiteaz eta geroaz hitz egiten dute, izateaz, maitasunaz, gizateriaz, gizon-emakumeen gainean. Askatasuna eskatzen du Triz3psek, baina, azken batean, sentimenduen iraultza aldarrikatzen du eta bihotzaren taupadak nabarmentzen ditu.

Bizimodu aspergarri, petral eta zikin honetan, hobea baita alaitasunez, maitasunez eta itxaropenez aurrera egitea, jadanik pasatu diren garai onak etengabe oroitzen, edo bikotearekin izandako sufrimenduak eta minak gogoratzen, eta malkoetan itotzen egon baino gehiago.

Javi P3zek (ahotsa eta gitarra; En el Jardin, 23 Ojos de Pez, Parafünk, Novophonic, Instrümental, Camping Gaz, Javi P3z Orquesta eta beste hainbat egitasmotan aritua), Alberto Boschek (baxua eta ahotsak; Lau Behi, Parafünk, Hotel eta beste hainbat taldetan aritua) eta Oriol Floresek (bateria; Miqui Puig, Los Chets, Delicatessen eta beste zenbait taldetan aritua) 2011n osatu zuten Triz3ps power soul taldea, eta lehenengo diskoa (Triz3ps) aipatu urtean kaleratu zuten. Triz3ps izenak indarra iradokitzen du, baina haien lagun bloglari batek esaten duen bezala, «ez da gihar baten izena, sentimenduarena baizik». Sentimenduen indarra, alegia.

Lehen disko horrek aurrera begiratzen du, garai bateko aireetan oinarrituta (besteak beste, Curtis Mayfileld, Al Green eta Temptations), groove-funk-soul bidetik. Lehenengo diskoaren segida eta Triz3psek aurrera egindako beste urrats bat da EP lan berria.

Haize fresko pixka bat ekarri digu bere kantuekin, alaitasuna, emozioa, grina eta adorea, eguneroko bizimoduari irribarre batekin aurre egin ahal izateko.