argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 1a

Jakes Bortayrou 2013ko martxoaren 13a

Pasa den otsailaren 18an prentsan ikusi izan dugun argazkia apartekoa zen. Alabaina, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Baionako Merkataritza Ganbarak, Iparraldeko Auzapezen Biltzarrak eta Batera plataformak Euskal Herriarendako Lurralde Kolektibitatearen proiektua elkarrekin eramateko koordinazio bat osatzen zutela adierazi zuten. Ondoan bazuten instituzionalizazio proiektu hori Marylise Lebranchu ministroari aurkeztu zion delegazioa ere. Hots espektro politiko guzia ordezkatua zen, abertzaleengandik hasiz UMPraino, sozialistak, berdeak eta zentristak barne.

Aurrekaririk gabeko gertakari politikoa da koordinazio hau eta Ipar Euskal Herriko ezagupen borrokaren fase honetan, tresna ezin egokiagoa. Urtetako lanaren uzta bada ere, 2012garren urtean ezagutu dugun azelerazioaren emaitza zuzena da. Urte osoan, lurralde elkargoaren proiektua modu parte hartzailean sakon ikertu eta definitua izan da eta ondorioz usaiazko sektoreak haratago, atxikimenduak zabaldu dira klase politikoan ere. Azaroaren 24an, koordinazioa osatzen duten gainerateko entitateen bidea jarraikiz, Hautetsien Kontseiluak aho batez berretsi zuen Lurralde Elkargoaren galdea. Segida logikoa zen eta hiru hilabeteren buruan naturalki azaleratu da : indarrak uztartu Euskal Herriko boza entzun arazteko Parisi begira.

Euskal Herrirako deus ez bada irabazia, oraindik dena posible da egutegi legislatiboak markatzen duen garai honetan. Alabaina, heldu den apirilean deszentralizazio fase berria finkatuko duen lege bat aurkeztuko du Gobernuak Frantziako Parlamentuan. Instituzio ezagupena ukatzeko urtetan erabili argumentuak bat bestearen ondotik erori zaizkio frantses gobernuari. Landutako proiektua borobildua da, sinplea, demokratikoa eta indartsua. Garai batez aipatzen ziren bestelako antolamendu administratiboek ez dute gainditu gogoeta eta eztabaida fasea. Hots fruitua ondua da. Erori beharko da, erortzekotan da.

Sorturiko koordinazio hori lanean hasiko da Lurralde Elkargoaren egitasmoa jendarteratzeko eta Gobernuak nahiz Parlamentuak proiektua kontutan har dezaten. Iniziatiba eta hitzordu nagusiak finkatuak izan dira jadanik: Hautetsien Kontseiluko mozioa auzapezei izenpetzea galdegina izanen zaie eta ekainaren 1ean herri mobilizazio handia izanen da Baionan. Dudarik gabe azken urteetako mobilizazio garrantzitsuenetarikoa Iparraldeko jendartearentzat.