argia.eus
INPRIMATU
Zer dira MS5 eta Grillo?

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko martxoaren 06a
www.schweitzfinance.com

Beppe Grilloren Bost Izarren Mugimenduak (M5S) ezusteko itzela ekarri du Italiako hauteskundeetan: alderdirik bozkatuena izan da, botoen %25,55 lortu du eta 109 eserleku diputatuen ganbaran. Koalizioak medio, zentro ezkerreko Pierre Luigi Bersani eta eskuineko Silvio Berlusconi lehen eta bigarren indar gisa geratu dira, hurrenez hurren, baina bototan MS5 haien alderdien aurretik.

Europako Batasuna astoratu duen emaitza da M5Srena eta, ezustearekin batera, galderak pilatzen dira ezker-eskuin: zer da M5S? Zer dago haren atzetik? Zer egingo du orain gobernu eraketan? Eta legealdian?

Denetarik entzun eta irakur daiteke mugimendu hau eta bere lidergoarekin katalizatzaile lana  egin duen Beppe Grilloren gainean. Egungo gizartearen eskuin zein ezkerreko sostengatzaileen aburuz, izurritearen gisakoa da, Italiari –eta Europar Batasunari– sekulako kaltea egin diezaiokeena. Egiazki, sistemaren babesle hauek  eta krisia izan dira M5Saren akuilu garrantzitsuena.

Ezker alternatiboaren lerroetatik ere ziztada ederrak eskaini dizkiote: “Itxura eta erretorika iraultzailea gorabehera, uste dugu azken urteetan dagoenaren defendatzaile eraginkorra izan dela M5S (...) Tapoi gisa funtzionatu duen indar bat, sistema orekatzeko”. Kritikatu zaio aldarrikatzea ez dela ez ezkerrekoa ez eskuinekoa. Arrazakeria. Populismoa. Liderrik gabeko alderdian Grillo lider handia izatea. Sarearen erabilera ikusmolde liberalenean erabiltzea. M5Sko markaren erabilera autoritarioa (hau da, berak baimendutakoek bakarrik erabil dezaketela...).

Grillok dagoeneko jakinarazi du ez duela sostengatuko Bersaniren gobernua, eta legez lege izango duela beren sostengua edo arbuioa, Sizilian egiten duten gisan. Han ezkerreko koalizio baten izenean gobernatzen du Rosario Crocetta karismatikoak, eta MS5aren sostengu handia izaten ari da bere politika askorekin.

Mugimendu zabal eta oso anitza da Grillorena, politika egiteko orain arteko molde zahar eta ustelen aurka hazi dena, politikari profesionaletan baino, orain arte bederen, herritarren jardunean oinarritu dena. Bere pertsona eta ideien aniztasun horretan egosiko dela iragartzen diote analista ugarik eta –batez ere– bere aurkariek.

Baina ez da zalantzarik bere ibilbidean Europa osoan protestan ari diren herritarren lelo eta pentsamoldearekin bat egiten duela neurri eta gai askotan: agintarien soldata murrizketak, iruzur fiskalaren aurkako neurrien beharra, gardentasuna, azpiegitura erraldoietan diru xahuketarik ez, erraustegien aurkakoa, deshazkundea, energia eta baliabideen erabilera arrazionala, bankuen nazionalizazioa baldintza zehatzetan izanez gero, mikrokreditoen bultzada, uraren publikotasunaren aldarrikapena...

Denbora beharko da esperientzia politiko berri honen nondik norakoak hobeto ezagutzeko eta baloratzeko, baina krisi gogorrak bizi dituzten herrialdeetako herritarren nahi eta sentimendu askorekin bat egiten  duela.

Izaera eta itxura desberdina duten mugimendu asko sortu eta garatu dira munduan azken hamarkadan, bereziena eta indartsuena Hego Ameriketako XXI. mendeko sozialismoaren inguruan egituratu dena, baina baita bestelakoak ere: Islandiak bere finantza iraultza txikia egin zuen, AEBetan Occupy dago, Grezian Syriza, Espainian M-15, orain Italian M5S... Bakoitza berean eta bere ezaugarriekin ari da, baina guztiak neoliberalismoak dakarren hondamendiaren alternatibetan sakontzeko prest, bestelako munduak eta gizarteak posible direla aldarrikatzen duten ikusmoldeetan oinarrituak. M5S uholde horretan kokatzen den ikusi beharko da.