argia.eus
INPRIMATU
Txist eta krak
Jakoba Errekondo 2013ko martxoaren 06a
commons.wikimedia.org

Hego Amerikatik dator berria: hemen dugu, bada, arantzarik gabeko laharra (Rubus fruticosus). Ekuadorreko nekazaritza ikerketarako INIAP institutuak arantzarik sortzen ez duen laharra aurkeztu berri du, Andimora 2013 izena duen aldaera.

Laharra gogora ekartzen dudanero Aiako Etxeta baserriko seme Inaxioz oroitzen naiz. Hark irakatsi zidan ezagutzen dudan laharraren istorio politena. Lehen ere noizbait txoko honetara ekarria dudala uste dut: “Nor edo norekin ezkondu egin nahi zuen laharrak, baina beste landareek utzi ez ziotenez hark betirako ohoregabetuko zuen mehatxua bota zuen: aldamenean dudan guztiari helduko diot”. Eta landare guztiek egiten duten bezala, erabakitako mehatxua bete. Horretarako paregabeko diseinuzko arantza sortu zuen. Beste landareei heldu eta gaina hartzeko arma, tamaina egokiko makurdura duena, ia edozein larruazal txist zulatu eta sartu ondoren askatzeko asmotan mugitzen den azal horretan krask hautsi eta sartuta geldituko dena. Eskarda txatxuenaren antzera, azaletik atera ezean, gerora min zorrotza sortu, baita zornea eta pasmoa ere eta deskuidatuz gero tetanos gaitz beldurgarriaren amesgaiztoa biziaraziko duena.

Mehatxua burutzeko arantzak, bai, landare maltzurren koadrilako bihurtu du jendearentzat, lahardiari sasi deitzeraino. Ez baitiogu sekula barkatuko. Arantzarekin batera gure ekosistemako fruiturik estimatuenetako bat sortu zuen, masusta. Eskuetako azala lahar-arantzaz zulatu gabea nork du? Masustetan inoiz ibili gabeak. Uda amaieran sasitzaren batean laharrari kendu ahala masusta jan ez duenak zer bizi ikaragarri du oraindik. Ikaragarri!

Ongi heldutako masusta heldu-berriak sasidian bertan jateari arantzadiak eransten dion beldur-punttu hori kenduta masusta bixiena ere makala irudituko zaigu... Arantzarik sortu beharrik gabe, horretarako energia fruituak haztera bideratzen du, Ekuadorren sortua duten aldaera berri horrek: hektareako 20-24 tona masusta emateko gai omen da. Horiek ere makal askoak izango dira. Otzandu dute laharra.