argia.eus
INPRIMATU
Legalki hiltzeko manerak Erdi Aroko Nafarroan

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko martxoaren 06a
Nafarroan, Behe Erdi Aroan, heriotza zigorra ezartzeko biderik ohikoena urkamendia zen. Baina agiriek askotariko metodoak jasotzen dituzte, eta urkatzeak berak hainbat
Nafarroan, Behe Erdi Aroan, heriotza zigorra ezartzeko biderik ohikoena urkamendia zen. Baina agiriek askotariko metodoak jasotzen dituzte, eta urkatzeak berak hainbat "gehigarri" izan ohi zituen.John Carter Brown Library

Lizarra (Nafarroa), 1310. Ordenantza baten bidez “hiltzen duena, hil dadila” legea ezarri zuten. Hogei urte geroago, Tuterako ordenantza batek ondorio berbera izan zuen. Behe Erdi Aroan, Nafarroan, urteko 27 exekuzio izan ohi ziren batez beste. Marka guztiak 1347an hautsi zituzten, 100.000 biztanle inguruko erresuman 87 pertsona heriotzara kondenatu eta hil baitzituzten.

Zigorra betetzeko biderik ohikoena (%71) urkamendia zen. %15 ito egiten zituzten, %4 amildegian edo kanpandorrean behera botatzen zituzten, eta beste hainbeste sutan erretzen. Baina baziren hain “zibilizatuak” ez ziren metodoak ere: 1333an emakume bat bizirik ehortzi zuten; 1361ean txanponak faltsutzeagatik pertz handi batean egosita hil zuten gizonezko bat... Biderik krudelena foruetan jasotako “larrutzea” zen: “Lepondotik ipurtezurrera lau hazbeteko azal lerroa kenduko zaie, eta gero, hanketatik orpoetaraino, lerroa bitan banatuko da”. Agirietan metodo hori behin bakarrik aplikatu zela ageri da; emakume bati egokitu zitzaion eta bizirik zela egin zioten triskantza.

Urkatzeak ekitaldi publikoak ziren. Azoka egunetan izan ohi ziren, eta kondenatuak turuta hotsak eta zaldizkoen segizioa izan ohi zituen lagun urkamendira bidean. Batzuetan, geldialdiak egiten zituzten: Mattin Ezkila lapurrari eskua moztu zioten biktimaren ate parean, 1366an. Besteetan, zigor gehigarriak urkamendian bertan jasotzen zituzten, kondenatuak errukia eskatu bitartean: jipoitu egiten zituzten, belarriak mozten zizkieten... 1435. urtean, Jacques Licrasek ez zuen errukia edo barkamena eskatzeko aukerarik izan, mihia kendu baitzioten. Amiltzeak ere publikoak ziren eta, harrigarria bada ere, 1336an iruindarrek ikuskizun bikoitza izan zuten: Galea dorretik bota arren lapurra bizirik irten zen, eta atzera goraino igo zuten, berriro botatzeko.

Finean, herritarrentzat irakaspen izan behar zuten exekuzioek. Horregatik kondenatuak torturapean hilez gero, agintariek B plana jartzen zuten abian: gorpuak edo buruak elkargune eta bidegurutze nagusietan ipintzen zituzten ikusgai, heriotza zigorraren helburu “hezitzailea” gal ez zedin. Eta herritarrek beste zerbait ere ikasten zuten zigor horiei esker: judua edo musulmana izatea baino askoz hobea zen kristau izatea, emakumea baino hobea gizon izatea, nekazaria baino hobea noble izatea. Bortxaketak delitugileak nekazariak eta biktimak nobleak zirenean soilik zigortzen zituzten heriotzaz. Adulterioa isun txiki batez konpondu ohi zen, baina gizonezkoa musulmana edo judua bazen biziarekin ordaindu behar zuen (baita emakumeek ere, kristauak izan arren). Eta juduak buruz behera urkatu ohi zituzten, hil baino lehen damutzeko ordu edo egun batzuk izan zitzaten.