argia.eus
INPRIMATU
Dantza jauziak

Anuntxi Arana 2013ko martxoaren 06a

Inoiz Zuberoa, Nafarroa edo Lapurdiko plaza batean ikusi badituzue zahar eta gazteak borobilean dantzan, bata besteari jarraika, Dantza jauziak zer diren badakizue. Atseginak, errazak eta jendeekikoak dira, eta aire desberdin asko dituzte, besteak beste, Iparraldean, Azkaindarrak, Milafrangarrak, Ostalertsa, Muneinak, Mutxikoak... Haietan, adineko lagunei entzunda, betidanik emazteek eta gizonek parte hartzen izan dute.

Tradizio zaharreko dantza horiek indar handiz berpiztu egin dira azken 30 urte honetan, eta ez da jairik haiek gabe. Baionako bestetan euskal kutsua duten ekitaldietan ospetsuenetakoa da arratsero egiten den Dantzazpi, gehien bat dantza jauziei emana. Beste herri zenbaitetan, urte osoan antolatzen dituzte, hilabetean behin.

Alabaina, dantza jauziak azkartu eta zabaldu diren arabera, mutxikoak deitzen hasi dira, nahiz eta, beste kultur jarduera askotan bezala, mutilak gero eta gutxiago aritzen diren eta neskak gero eta gehiago. Mutxikoak aire zehatz bat baizik ez da eta, gaur egunean ere, aditu gehienek Dantza-jauziak erabiltzen segitzen dute multzoa aipatzeko orduan. Ez dakit nori bururatu zitzaion izen berria ematea, baina ez duela batere kausitu pentsa daiteke. Katu honek beste buztanik baitauka Iparraldearen auzo herri batean.

Baztanen Mutil dantzak esaten zaizkio mota horrelakoei eta hor ere aire desberdin eta anitz badituzte, baita Muxiko deitu bat ere, Iparraldean bezala. Eta, Iparraldean ez bezala, Baztanen gizonek bakarrik zuten Mutil dantzak dantzatzeko eskubidea, hainbesteraino non kalapitak izaten diren emazteak ausartzen direnean. Ez da oraino bi urte, Elizondoko Santio jaietan, emazteak –auzapeza buru– mutil dantzan sartu ziren; berehala gizon zenbaitek alde egin zuten haserre bizian, dantzaren izena estakuru eta ohitura defendatzeko. Bidasoako Alardeen antzeko zerbait.

Gertakari horretatik ikasi behar genuke bazterkeria giroan sortu eta elikatzen den terminologiak bazterkeria bermatzeko balia daitekeela eta, orainokoan ere gure testu inguru linguistiko-sozialean, peligrosoa izan daitekeela neutroa den dantza jauziak terminoa uztea eta maskulinoa den mutxikoak hobestea. Ez dut ondo ulertzen zergatik baztandar batzuk tematzen diren gainditzekoa den antzinako ohitura atxikitzen; eta oraindik gutxiago ulertzen dut zergatik Iparraldean bizkarra ematen dioten beren tradizioko izendapen sinpatikoari. n