argia.eus
INPRIMATU
Amazon, inperio ezkutua

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko martxoaren 06a

Zalapartatsua izan da otsaila Amazon liburu saltzaile erraldoiarenean: Alemanian daukan biltegi bateko langileak ia esklaboen pare lanean ari zirela plazaratu du ARD telebista kateak; baita beharginak kontrolatzeko neonaziekin harremana daukan segurtasun enpresa bat kontratatu zutela ere –Hensel European Security Services izena zeukan segurata negozioak, HESS alegia, Rudolph Hess bezala–.

Material ona da nobela batentzat eta idazten baduzu, Amazonek salduko du ziur.

Eten dute kontratua biltegiko manporrero esbastikoekin eta bukatu da festa mediatikoa. Letra txikiagotan ordea, AEBetako konpainia hazi eta hazi ari da. “Amazoneko Jeff Bezosek ez du inperio bat nahi, mundua nahi du” argitaratu du TechCrunch webgunean John Geracik.

“Ezkutuko inperioa” deitu dio: “Amazon, nolabait, erraldoi sekretua zen. Mundu guztiak Amazonen erosten zituen liburuak, noski, baina 2011n iritzi orokorra zen Apple, Google eta Facebook zirela garaian garaiko erraldoiak. Konpainia horiek ziren momentuko bisionario sexyak. Amazon? Tira, liburuak eta abar saltzen zituen, besterik ez”.

Bi urtean gauzak asko aldatu dira: Kindle irakurgailu elektronikoa esperimentu arrakastatsua izan da, kostu baxuko tresnekin Appleri konpetentzia egiteko; negozio-eredu berriak sartu dituzte menuan, ikasleei testu-liburuak alokatzea, adibidez; eta batez ere, Amazon Supplyren bidez banaketa industrialaren merkatuan sartu dira –dirua egin nahi duen inori axola al zaizkio liburuak, azken finean? –.

Geracik txosten interesgarri baten berri eman du: Amazon: the hidden empire. Hori irakurri eta Bezosen enpresaren dibertsifikazio-estrategia noraino iristen den konturatuko zara, nahiko luke: ba al zenekien hainbat webgune ezagun –Internet Movie Database, adibidez–, Amazonenak direla? Eta beraiek daudela The Guardian egunkari ingelesaren, Ericsson telefono konpainiaren edo Dropbox fitxategi plataformaren weben atzean?

Txostenaren ondorioa: Amazonek dena eskaini nahi du, edonon, edozein unetan, edonori. Eta inork ezin du horrekin lehiatu. Erosleen esku ere badago, ordea, burujabe izan eta munstroari jaten ez ematea. Ze, Amazonek ez du neonazien premiarik munduaren jabe egiteko. Baina zu behar zaitu.