Argi ibili! Aldamenean igarotzen denaren larruazala urratuz “alde hemendik” esateko berea arantzaz janzten duen laharra (Rubus fruticosus), janez gero lagun minenek bizkarrean hartu eta hilerrira eraman zaitzaten hostoa pozoiz asetzen duen hagina (Taxus baccata), kolpez seko gelditu arte bihotza dantzan jartzeko gauza den gaiaz sustrai muturretik lore punttaraino blaitzen den kuku-praka bihozgabea (Digitalis purpurea)... Bere burua babesteko zertaraino iritsi daitekeen landarebanakoa! Belarjaleon hortzak urrutiratzeko, jakina.
Guk, adibidez, landare hori utzi eta beste gozoago bati egingo diogu kosk. Jate kontuetan gu baino egoskorragoak badira, pozoiak pozoi landare kaltegarrienari ere erasoka jarraitzen dutenak. Setoso-temoso alaenak!
Tabako-belarrak (Nicotiana tabacum) badu egoskor horietako bat: tabako-belarraren har grisa. Tabakoak berezko duen pozoia, nikotina, harrari bost eta kosk. Nolanahikoa ez den pozoi horrek barrenean kalterik ez egiteraino eboluzionatu duen bakanetakoa da har hori.
Har horrek, eboluzioan askok usteko ez lukeen arerioa topatu du tabako-belarrean, sekulakoa: tabako erretzaile jendea. Erretzaileak eskuera behar du noizbehinkako dosia, ordu erdirokoa, ordurokoa, otordurokoa, larru joaldirokoa... Eta hori ezin eztabaidatuzkoa da, bai ala bai. Tabako erretzailea patrikatik hartua duen mendekotasunak pentsaezina egiten du belarrik gabeko tarte bat, egun bakar bat, ordu bakar bat, minutu bat... Har ziztrin batek nola joko digu adarra! Hark jan gure plazeraren iturria? Kosk eta kosk desagerrarazi nire zoriontasuna? Irtenbidea patrikakoak biltzen dituen tabako ekoizleak asmatu du. Tabako-belarra genetikoki eraldatu dute, eta koskaizoa ematera hurbiltzen zaion hara izorratu. Nola bada? Belarrari kafeina sortzeko gaitasuna eman diote. Eta nikotina bai, nikotina gustukoa du, baina, kafeina? Mesedez, faborez eta otoi, kafeinarik ez! Batek zioena: kafean nikotina bila hasi beharko dugu! Eta, zenbat apustu? Konturatzerako hemen dugula arantzarik gabeko laharra?