argia.eus
INPRIMATU
Lekeitioko galarrena

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2013ko otsailaren 27a

Laurogehita lauko negu
beltzenetan beltzena,
azaroaren hogeian
gorriz tindatu zena,
kontsulta bat izan baitzen
krimen baten eszena.
Tiro hotsaren ondoren
Bilbo handian barrena
berunezko isiltasunaz
bete zenean dena,
Lekeitioko portuan
hasi zen galarrena.



Santi Brouard erail zuten
irauliz egoera,
Lopez Ocaña, Morcillo
eta Amedo bera,
errudunak izan arren
libre ziren atera!
Audientzi Nazionalera
horiek salatzera,
josi nahian txakurraren
haginkada minbera,
otsoari babes eske
joatea beste da.



Amedok aitortu arren
Morcilloren fardela,
bistan da hitz ho(r)iei diru
usaina dariela.
Justiziak hautsita du
hiruko erregela,
baina hemen present dugu
Madrilen ez bezela,
nahiz eta leiho berriei
ireki errezela,
oraindik itxi gabeko
zauri asko daudela.