argia.eus
INPRIMATU
Gure zilborra

Amets Arzallus 2013ko otsailaren 27a

Pertsona bere zilborrari begira gramatikatik hasten da.

Erakusten baitigute, eskolan, lehen pertsona ni naizela, bigarrena zu eta hirugarrena hura. Eta pluralean ere hurrenkera hori bera gertatzen da. Lehen pertsonak gu, gero zuek, eta azken-azkenean haiek, horra jasotzen dugun lehenengo gramatika. Nola ez gara egongo egozentrismoak jota? Nola ez gara biziko gure zilborrari begira? Ez dakit urrutiko hizkuntzetan nola izango den pertsona gramatikalen hurrenkera, baina sortu beharko balitz bestelako jende bat, eta zabaltasun gehiago nahi bada, ez litzateke txarra ni horri lehen pertsonaren kategoria kentzea, zu horri bigarrenarena, eta gerokoei hirugarrenarena. Ez dakit ordena berezirik gabe uztea ba ote legokeen, baina utziko nituzke nik, eta beharko balitz hurrenkera bat nahi ala ez, ni hori azkenengo mailara eramango nuke, puska baterako behintzat, antidoto gisan. Pixka batean egon dadila, pertsona, bere zilborrari beharrean bere uzkiari begira.