Jokin Aiestaran (Zarautz, 1971) itzultzailea eta EHUko DREAM (Donostia Research group on Education and Multilingualism) ikerketa taldeko kidea da. Bereziki bi arlotan ari da lanean: hezkuntza eremuko eleaniztasunean eta hizkuntza paisaian. Elebitasunari eta euskarari buruzko jarrerak Arabako Errioxan; hori da aurkeztu berri duen doktore tesia.
Ikerketaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz abiatu dugu solasaldia.
Zergatik aukeratu duzu Arabako Errioxa?
Antzinatik lurralde elebakarra izan da Arabako Errioxa, eta gaur egun ere euskarak eguneroko bizitzan duen presentzia oso murritza da. Hala ere, azken urteetan euskarak aurrerabide nabarmena egin du eskualdean; batez ere hezkuntza sistemaren eskutik. Egun, haurrek eta gazteek euskara ikasteko aukera dute, eta D eredua indarrez sartu da eskoletan, eskualdeko ikasleen erdiak-edo eredu horretan ikasten baitu. Hori dela eta, hizkuntza egoera berria sortu da eskualdean: gazteak dira eskualdeko euskal hiztunak. Hizkuntzaren ezagutza gero eta handiagoa da, baina erabilera oraindik nahiko mugatua. Interesgarria da komunitate erdaldunean hizkuntza berria nola sartu den aztertzea, hizkuntza biziberritzeko ahaleginen ondorioak ezagutzeko.
Euskararen aldeko komunitatea indartzen ari dela esaterik badago?
Euskararen auziak eztabaida bat baino gehiago piztu du Arabako Errioxan; ikuspegi kontrajarriak nabariak dira. Gaztelaniaren aldeko komunitateak dio euskara Euskal Herriko hizkuntzetako bat dela; ez dela garrantzitsuena, eta ez dela euskal nortasunaren adierazgarri. Horren aurrean, euskararen aldeko komunitateak nahiaren diskurtsoa garatu du; galdutako hizkuntza berreskuratzeko nahia, euskara eta identitatea lotuz. Hizkuntza berreskuratzeko bidean, funtsezkoa izan da hezkuntza sistema. Hala ere, eskolak ezagutza maila jakin bat berma badezake ere, horrek ez du esan nahi datozen belaunaldiak automatikoki euskaldunduko direnik. Oso prozesu mantsoak izaten dira. Jarrera aldetik, baina, eskualdeko ikasleek gizarte elebidunaren hautua egiten dute etorkizunari begira.
Bi aldi izan ditu ikerketak.
Ikerketaren aztergai nagusiak elebitasunaren eta euskararen inguruko jarrerak izan dira. Era berean, jarrera horiek denboran izan dezaketen bilakaera ere aztertu nahi izan dut. Ikerketak bi aldi izan ditu; zortzi urteko denbora tartea utziz bien artean (2001-2009). Lehenengo aldian, ikerketaren testuingurua zehazte aldera, eskualdeko euskalgintzako kideekin, irakasleekin eta gurasoekin, eta gizartean posizio nabarmena zuten pertsonekin hainbat elkarrizketa izan nituen, eta behaketa lana egin nuen; hiru hilabeteko egonaldia egin nuen Arabako Errioxan.
Bestalde, alderdi kuantitatiboari begira, bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasleen jarrerak aztertzeko asmoz, hiru eskolatara jo nuen: Assa ikastolara (Lapuebla de Labarca), San Bizente ikastolara (Oion) eta Samaniego ikastetxera (Guardia); A eta B ereduak eskaintzen dira azken honetan. Ikasleek 14 eta 18 urte bitartean zituzten, eta 232 izan ziren galdesorta osatu zutenak. Bigarren aldian, 2009an, analisi kuantitatiboa egin nuen soilik; antzeko galdesorta erabili nuen, datuak alderatzeko. Kasu horretan, 177 ikasle izan ziren galdesorta osatu zutenak.
Colin Baker elebitasunean aditu denarekin lan egiteko aukera izan zenuen.
Bai, ikerketaren lehen aldian Galesera joateko aukera izan nuen, eta Bangor Unibertsitatean ezagutu nuen; bera izan zen tesiaren zuzendaria. Ezaguna da 1992. urtean argitaratu zuen Attitudes and language liburua, esaterako. Hizkuntza gutxituen eta elebitasunaren jarreren inguruan lan handia egin du Bakerrek, eta bere lanetatik abiatuta bideratu ditut Arabako Errioxan erabilitako galdesortak eta itemak. Ikerketan aztertutako aldagai nagusiak elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrerak izan dira, eta horiek beste hainbat aldagairekin alderatu dira, hala nola gaitasunaren eta erabileraren inguruko hizkuntza aldagaiekin, EAEko hizkuntza sisteman indarrean dauden hiru ereduekin (A, B eta D) eta bizindarraren, identitatearen eta euskal hiztunekiko harremanaren inguruko aldagai psikosozialekin.
Nolakoak izan dira eskoletan jasotako emaitzak?
Ikasleek, oro har, elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrera positiboak azaldu zituzten; 2001ean eta 2009an bildutako datuak antzekoak izan ziren. Elebitasunarekiko jarreretan elebidun bihurtzearen, hizkuntza elkarbizitzaren eta etorkizuna elebiduna izatearen garrantzia nabarmendu zuten. Euskararekiko jarrerei dagokienez, ondoko ideiek atxikimendu handia jaso zuten: euskara ikastea merezi duela eta hizkuntzaren biziraupena bermatzeko beharrezkoa dela haurrek euskara ikastea. Euskara ikastea denbora alferrik galtzea dela eta antzekoak, aldiz, baztertuak izan ziren. Oro har, ikasleek etorkizun elebidunaren aldeko hautua egiten dute, eta hori bereziki garrantzitsua da euskararen presentzia hain urria den eskualdean. Datuak baikorrak dira.
Bestalde, hizkuntza ereduek elebitasunarekiko eta euskararekiko jarreretan izan lezaketen eragina aztertu nuen. Emaitzen arabera, hizkuntza jarrerak positiboak dira hizkuntza eredu guztietan. Dena den, jarrera negatiboenak A ereduko ikasleek agertu zituzten, eta positiboenak D eredukoek. Era berean, emaitzetan deigarria da A eta D ereduen arteko aldea sakondu egin dela 20001etik 2009ra, hizkuntza jarreretan. Hau da, eredu bakoitzak euskara sustatu eta elikatzeari eman dion garrantziaren isla direla, eta alde hori ez dela urteekin murriztu.
Orain gutxi argitaratu dira Arrue ikerketako datuak.
Argi dago ezagutzatik erabilerarako jauzia ematea konplexua dela, gizartearen eragina tarteko; zer esanik ez Arabako Errioxan. DREAM ikerketa taldean datu horien inguruko hausnarketa egitekotan gara. Gure aldetik proposa daitekeena da datu horien osagarri gisa azterketa kualitatiboa egitea. Garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleek horri buruz esateko zer daukaten entzutea. Hau da, Arrue ikerketaren arabera, euskararen erabilerak behera egiten du nabarmen bigarren hezkuntzan. Baina, nola ikusten dute hori guztia beraiek? Ikasleei galdera horri erantzuteko aukera eman behar zaie, eta hori guztia lagungarri gerta daiteke beraiek ere kontzientziatzeko.
Eleaniztasuna eta hezkuntzari begira, eskuartean egitasmorik ba al duzue?
Jasone Cenoz, Durk Gorter eta DREAM taldeko beste ikertzaile batzuekin, fokapen eleaniztuna kontzeptua lantzen ari gara eskoletan. Proiektu honen helburua da hezkuntzaren esparruan gaitasun eleanitzak eta hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gaitasuna aztertzea. Ikuspuntu holistiko batetik, ikasleen hizkuntza errepertorioa osatzen duten hizkuntza guztiak hartzen ditugu kontuan. Eskolako hizkuntza horiek ebaluatzeko modu alternatiboa aurkitzea da proiektuaren xedea, bizitza errealeko hizkuntza gaitasunak eta hizkuntzen erabilera oinarri harturik. Proiektu honen abiapuntua eskola testuinguruetako hizkuntza aniztasuna da, eta hezkuntza elebidun nahiz eleanitzaren ebaluazioarekin lotutako hainbat ikerketa lerro garatzen ari gara.
Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]
Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere... [+]
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.
2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.
Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.
Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]