Europako Kontseiluak duela hiru aste onartu zuen EBren historian lehen aldiz aurrekontuaren bolumena murriztea. EBko BPGarekiko %1era iristen ez den aurrekontua murrizteak Europan austeritatearen bidea indartsu jarraitzen duela erakusten du, EBren hondamendi ekonomikoa eta politikoa ekarriko badu ere. Finean, EBren batasun eta politika ekonomikoak neutralak direla esaten digute bertako teknokrata eta agintari nagusiek, joko politikotik at daudela alegia. Baina euro-guneak berak eta troikaren irizpideen ezarpenak agerian uzten dute posizio ideologiko liberalak direla nagusi. Izan ere, aipatutako neurri horien emaitza txarrek ez dute hartutako bidean horren temati jarraitzea justifikatzen.
Austeritate politikak oztopo dira bere helburu ofizialak diren egonkortasun makroekonomikoa zein enplegua eta hazkundea erdiesteko. Troikaren parte den Nazioarteko Diru-Funtsaren erretorikak behin eta berriz dio austeritatearekin krisitik irtengo garela. Baina emaitzek beste zerbait diote, adibidez 2010ean NDFak iragarri zuen Greziak 2011n %2,6ko hazkunde negatiboa izango zuela eta 2012an krisitik aterako zela %1,1eko hazkundearekin. Errealitateak erakutsi du Greziako BPG %6,9 eta %6 gutxitu zela hurrenez hurren bi urte horietan. Espainiako Estatuan zein Euskal Herrian indize ekonomiko eta sozial gehienen emaitzak inoizko mailarik okerrenetan agertzen dira. Noiz eta bost urte bete direnean krisia lehertu zenetik eta hiru, austeritate politikak gordinean nozitzen ditugunetik. Besteak beste, bi lan erreforma, pentsioen erreforma, bankuen lege berria, defizitari buruzko urrezko arau konstituzionala eta aurrekontu murrizketa gogorrak indarrean ipini dira artean. Neurri multzo horiek zera ekarri dute, arlo publikotik pribaturako errenta transferentzia erraldoia, langabeziaren igoera ikaragarria, enpleguaren prekarietatearen hedapena, eta horren guztiaren ondorioz Espainiako disparekotasun sozialen igoera hain indartsua izan da ezen EBko markak hautsi baititu.
Troikaren politiken defentsa egiten dutenek ez dute aintzat hartzen teoria eta errealitatearen arteko zulo hau. Beren teoria akatsik gabekoa izanik errealitatea bide da oker dagoena. Teoria liberalaren erabilera dogmatikoa eta interesatua egin da Espainiako Estatuan, besteak beste, lan eskubideak suntsitzen dituen bigarren lan erreforma gauzatu denean krisiaren testuinguruan enpresen bideragarritasuna bermatzeko aitzakiapean. Ikus dezagun adibide batez argudio honen antzutasuna. Estatuan 2011n enplegu osoaren %64 sortzen zuten Enpresa Txiki eta Ertainei Europako Banku Zentralak 2012an egindako inkesta batean erakusten zuten beren arazo nagusiak bezeroak aurkitzea (%35) eta finantzazioa eskuratzea (%27) zirela eta urrutiago agertzen ziren lan kostuak murriztea edo lehia bezalako faktoreak (bik %8na). Gai berari buruzko 2012an CISen beste txosten batek egiaztatzen zuen Estatuko enpresa txikien eta ertainen aburuz finantzazioaren eskura ezintasuna dela arazo nagusia negozio bat martxan jartzeko orduan (elkarrizketatuen %63,8). Aldiz, merkatuen erregulazioa soilik ugazaba horien %19rentzat da traba helburu horretarako.
Beraz, zertarako behartzen du troikak lan merkatuaren erreforma politiken erdigunean ipintzen? Zertarako lana sortzen duten enpresen arazoak larriagotzen dituzten austeritate politikak indarrean jartzen? Areago, zergatik ia baldintzarik gabe finantza erakundeei lagundu diru publikoarekin finantza maileguen iturria irekitzen ez badute? Politika horiek hondamendi soziala dakartela bistakoa izanagatik eredu sozioekonomikoaren eraldaketa sakona bultzatzea da liberal berrien xedea. Bosturteko galdua hamarkada bihurtzeko arriskua gordina izan arren.