argia.eus
INPRIMATU
Lan egin eta dibertitu
  • Mariasun Landa ::Marikanta eta inurriak

    Ilustrazioak ::Jokin Mitxelena

    Erein, 2012

Xabier Etxaniz Erle 2013ko otsailaren 06a
Urte batzuetako isilunearen ostean Mariasun Landak bi lan argitaratu ditu haur eta gazteentzat 2012ko hondarrean: Maitagarria eta desioa (Elkar) errealismo fantastiko korrontean koka daitekeen nobela eta Marikanta eta inurriak ipuina (Erein). Azken ipuin honetan, izenburutik beretik nabari den bezala, Txitxarra eta inurriak alegia ezaguna dugu hipotestua, baina oraingoan idazleak alegiaren bestelako interpretazio eta bestelako kontakizuna eskaintzen dizkigu.

Txitxarra, denok dakigun bezala, ez da inurria bezain langilea eta gero komeriak izaten ditu negua igarotzeko. Horixe dugu alegiaren ikaskizuna, geroa prestatzeko lan egin behar dela… baina Marikanta txitxarrak lan egin baino, nahiago du kantatu, eta inurriei proposamen zehatza egiten die negua igaro ahal izateko inurritegi barruan, bertako inurriei kantuan erakustea Inurrientzako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte har dezaten. Eta horrela kantuan igaro zuten negua inurriek. “Marikantak lan asko egin zuen baina are gehiago dibertitu. Animoa eta adorea ematen zion inurri taldeari inongo etsipen apurrik azaldu gabe. Eutsi goiari! Behin eta berriz. Azkenean, espero zitekeena baina pazientzia eta ardura handiagoko zomorrotxoa zela erakutsi zuen.” Baina udaberria zetorrela sentitzean “arrastorik utzi gabe desagertu zen txitxarra inurritegitik”.

Marikantak “negualdi bereziki atsegin eta erosoa izan zuen. Babeslekua eta janaria izateaz gain, bere autoestimua handitu egin zen abeslari eta talde dinamizatzaile bezala. Gainera, artez bete zuela inurri triste eta aspergarri batzuen bizitza”. Irakurleak, baina, hasieratik suma dezakeen bezala Marikantaren asmoak ez dira guztiz zuzenak izan eta hori, argi eta garbi ikus daiteke Leonor sorgin-orratzarekin duen elkarrizketan:

Ez al dizu lotsarik ematen langile gaixo horiek engainatu izanak? –errieta egin zion Leonor sorgin-orratzak.

Lotsa? Zer esan nahi du horrek?

Horrelakoxeak dira txitxarrak. Berezkoa dute.

Baina engainatuak izanda ere, inurriek kanten alaitasunarekin egiten dute lan harrezkero. Izan ere, alegien ikaskizunetik ihesi, Landak bestelako ikaskizuna eskaintzen digu ipuin labur honetan, artearen balioarena, lagun giroan ondo bizitzearen garrantziarena.
Ondo pasatuz hobeto bizi garela alegia.

Ipuina sinplea da, azkar irakurtzen dena, eta Jokin Mitxelenaren irudiek ederki islatzen eta edertzen dute narrazioa. Kontakizuna lineala da, hasieran dagoen aurkezpena kenduta, eta nahiko erraz irudika dezakegu inurritegiko bizimodua bai eta hurrengo urteetakoa ere.