argia.eus
INPRIMATU
Liburu askeak

Iratxe Esnaola 2013ko otsailaren 07a
Olariaga

Jacques Bonnet idazle eta itzultzaile frantsesaren Des bibliothèques pleines de fantômes (Anagrama, 2010) liburutxoa irakurri berri dut durduzaz eta dardaraz. 20.000 aletik gorako liburutegi pribatuaren jabe, liburuei dien maitasuna islatzen du haien kudeaketa zer nekoso baina atsegingarri zaion kontatzen dihoakigun bitartean. Liburuak pilatu, ordenatu, babestu eta irakurtzeko abenturak bizi du Bonnet etxeko bakardadean. Liburuekiko maitasunean hazi gara gutako asko. Behinola, etxe propio baten eta berau liburuz betetzearen ideia ere izan genuen. Apalategietako liburu maiteez desegiteko ideiak ikaratu gintuen, baina gaur gaurkoz, Bonneten liburuaren aurrean egonezina sentitu dut. Prekarietate ekonomikoak, aurrena, eta espazio faltak, hurrena, pilatze lanak eragotzi zizkidaten, eta horrekin batera, apalategien aurrean galdera batek zeharkatu. Liburuei nien atxikimendua egoskorra zen. Eta liburuak pilatzea, esate batera, autoak pilatzearen pareko bazen? Are, jakintza gordetzen zuten liburuek autoek ez bezala, eta etxean gordez gozamenaren zirkulazio librea ekiditen. Liburuak maitatzen dira beste era batera ere. Irakurri eta solte utzi, oparitu, trukatu, Bookcrossing-a praktikatu. Jabetza goresten ikasi dugulako da askatzea mingarri, baina solte uztea edukitzea baino plazentago dateke. Federico García Lorcak 1931n bere jaioterriko liburutegiko inauguraziorako prestatu zuen Medio pan y un libro diskurtsoan halaxe aitortzen zuen, erosten zituen liburuak oparitu egiten zituela.

Liburu fisikoen xarma artean eskertzen dugunoi liburuguneak eta liburutegi askeak geratzen zaizkigu, Interneteko artxibo doakoez bestera. Duela bi urte Hernaniko Karbonera Etxe Okupatuaren abaroan jaio zen Ikatza Liburugune politiko soziala datorkit gogora, non makina bat jakintza trukatu den, izan liburuen sartu-irtenari, izan eztabaidei esker, jabetza pribatuaren aurkako kultura hedatzen beti. Demanda judiziala jaso zuten joan den abenduan eta desalojo arrisku pean dira egun. Proiektu hau babestea jakintza zirkulazioa babestea da, eta kultura soilik merkatu ereduan txertatu nahi duen modeloari zirrikituak zabaltzea. Bonnet-en liburutegi partikular demasiazkoaren gogorapenak derrigorrean liburutegi publikoei diedan txera aitortzera ere banarama. Berauei esker idazle egindakoak ez dira gutxi izan. Ray Bradbury-rentzat benetako unibertsitateak ziren, aukera berberak eskaintzen dituzten eskola bakarrak. Hainbat liburutegi publikoren itxieraren aurka altxa zen eta Fahrenheit 451 aski argigarri dateke kasua ilustratzeko. Hain zuzen, Guy Montag protagonistaren abizena daraman Montag kolektiboa akordarazten dit, 2010ean sortu zen Donostiako Liburutegi Askea. Edo Charles Bukowski eta The burning of the dream poema-ulua, Los Angeles hiriguneko liburutegia kiskali zenean idatzia. Eta beste hainbeste liburutegi maitale eta esker oneko. Aldea dago, bada, liburuak etxeko bakardadean isolatzearen eta eskuz esku pasieran ibiltzearen artean. Ez ditut etxeko liburuak abolitu nahi, begi beti berrituz so egin, baizik. Gure iragankortasuna euren iragankortasunarekin nahastuz joaten utzi, sartzen laga. Bonnet-ek dioskunez, Charles Valentin Alkan konposatzaile frantziarra hilda topatu zuten 1888ko martxoan bere etxean, ustez bere liburuekiko maitasunak azpiratua, alegia, etxeko liburutegi erraldoiak zanpatua. Kasu!