argia.eus
INPRIMATU
(H)egia

Ixiar Rozas 2013ko otsailaren 07a

Ertza, gandorra, hainbat hegaztik buru gainean duten irtengune haragitsua edo buruko luma multzoa. Mendi baten hegia, haitzez osatua, egunotan elurtua, isil, hotzean eta izotzean otzan. Uhinen gain apartsua, azkenaldiko ziklo-genesiak eta gaur goizaldean ere harrotua. Zenbait egituratan (hezur, hazi, gorputz atal eta abarretan) agertzen den lerro irten eta jarraia. 27 putrek han goitik jendetza ikusi dute aldapa malkartsuan gora egiten. Esku hutsik, etxerik gabe, ahora eramateko mokadurik gabe, ots(a)ilean babesa emango dion gotorleku baten bila. Ertzean eta tolesduretan dagoen haragi epelaren bila. Michael Hanekeren Le temps du loup (Otsoaren denbora) filmean urik gabe geratzen zen gizartearen parabolaren ifrentzu osagarria. Bai, esan dio lagun batek besteari bide erdian, zatoz nirekin baso-ertzera, horrela, bion artean falta dena osatuko dugu. Behin eta berriro errepikatu dio, bion, hiruron, lauron, boston, seion, zazpion, zortzion, bederatzion, denon artean esan arte. (H)egi haragia, zu eta biok beste egiten gaituena. n