argia.eus
INPRIMATU
Hausterrea
Jakoba Errekondo 2013ko otsailaren 06a
Ernetzen ari diren landarettoak barraskiloen hozkadetatik babesteko 
ona duzu errautsa.
Ernetzen ari diren landarettoak barraskiloen hozkadetatik babesteko ona duzu errautsa.www.123rf.com

Intsektuak garbitzeko xaboia oso ona da. Garbitu, jo eta garbitu, akabatu! Intsektuen ezaugarri berezienetakoa beren azala da. Azala dute egitura, eskeleto. Azaletik arnasa hartzen dute. Azala da babesa. Eta kitina, argizari eta abarrek babesten dute azala bera. Horiei erasotzen die xaboiak. Eraso eta beren lana zapuztu. Horrela garbitu dezake xaboiak intsektua.

Egokiena potasa xaboia da. Etxean egindakoa onena. Hiru edo lau kilo egurren errautsari litro bat ur nahastu, ongi irabiatu eta egun pare batez utzi. Litro bat landare-oliori errauts orea pixkanaka-pixkanaka erantsi eta nahasi. Krema baten trinkotasunaren antzekoa hartu behar du. Eltze batean sutan jarri eta etengabe mugituz loditu, xaboiaren tankera hartzen duen arte. Gatz pittin bat eta limoi ttantta batzuk, banaka-banaka ondo nahasiz erantsi. Ontzi batean jaso eta hor duzu, zeu garbitzeko edo intsektuak garbitzeko potasa xaboia. Natural askoa. Landare-olioa beharrean animali koipea ere ez da txarra.

Xaboia egiterakoan bezala beste makina batean ere ona da errautsa. Landare ttiki aldatu berriak edo ereindako hazietatik ernetzen ari diren landarettoak har, barraskilo eta bareen hozkadetatik babesteko errautsa zabaldu bere inguruan. Landareak handituta izanagatik har ttikien erasoa badute, azaren familiakoak adibidez, dozena erdi bat koilarakada errauts litro bete uretan ondo astinduta nahasi eta landarea ongi busti. Zurinak eta onddo zurien erasoa jasan duten landareak zuzenean errautseztatu daitezke. Baratzean, lurra prestatzen denean metro koadroko kilo bat arte lasai bota, baina ohikoa baino simaur gehiago eman beharko diozu. Lurrari edo konpostari nahastez gero, gutxi jarri, bestela haren nitrogeno guztia beretzat hartuko du eta. Errautsak potasio ugari du, gaitzei aurre egiteko lagungarria eta elikagai aparta dena. Horrez gain karea ere badu, gure lur buztintsuetan lan ederra egiten duen osagaia. Horrexegatik, lurreko elikagaiak askatuz landareei mesede ederra egiten die. Tomateak bezala, pH altuko lur basikoa atsegin duten landareei ere ederki laguntzen die. Aldatzerakoan, zuloan pittin bat eman. Urmael edo urtegirik baduzu, eta algek bertan pagotxa badute, horiek atzeratzeko era ona da errauts pixka bat eranstea.

Horretarako, noski, neguko suen errautsak eta hausterreak jaso egin behar.