argia.eus
INPRIMATU
ETA, erakunde zibila bihurtu

Patxi Zabaleta 2013ko otsailaren 07a

Aldebakarrekotasun printzipioa. Bakegintza eta normalkuntza demokratikoaren ibilbide orritzat aitortua izan den Gernikako Akordioan jasotzen da aldebakarrekotasun oinarria. Printzipio horrek aldatu egiten ditu erro errotik ordura arte aldarrikatu eta erabilitako bideak.

Borroka armatua behin betiko utzi zenetik hamabost hilabete igaro ondoren, argi baino argiago dago Espainiako Gobernuaren zain geldituz gero, oraindik inolako urratsik eman gabe egonen ginatekeela. Borroka armatuaren behin betiko uztea ez zen inoiz gauzatuko, baldin Estatua elkarrizketa emateko zain geldituz gero.

Orain, berdin-berdin gertatzen da eta gertatuko da. Estatuek ez dute elkarrizketako aukerarik emanen, eta ez dute ere espetxe politikaren aldaketarik eginen. Zergatik? Amortizatuta daukatelako jokabide horren zama politikoa. Armak uztea eta erakundea deuseztatzea aitzakia dialektikoak dira onura politikoak eskuratzearren, Bilboko manifestazio erraldoia ezkutatzen saiatzea bezala.

Aldebakarrekotasunaren ildotik eman beharko dira beste bi urrats: armak uztea lehena eta ondoren ETA erakundea erakunde zibil soilik bihurtzea eta aitortzea. Urrats horiek nola eta noiz egin beharko liratekeen beste maila teknikoko gora-behera da.

Aldebakarrekotasun printzipioak ETAren izaera eta jatorri politikoa azaltzen du, indarkeriaren ondorioei giza mailako aterabidea ahalbidetuz eta indarkeriaren uztea ordainik gabea behar duela frogatuz.

ERAKUNDE ZIBILAREN BIHURTZEAREN ZERGATIA. Bakegintzako protagonista Euskal Herria bera da. Bakea gainera, lehen mailako balorea den heinean ezin da ez baldintzatu, ezta ezerekin trukatu eta askoz gutxiago ordaindu ere. Herri etorkizunerako erabakigarria gertatuko zaigu bakegintzan jokabide duinak eta printzipiozkoak erabiltzea.

Egia da Aieteko Konferentziak indarkeriaren ondorioei buruzko elkarrizketa eskaria egin ziela bi estatuetako gobernuei, ETAk borroka armatua utzi ondoren. Baina Espainiako eta Frantziako estatuek, ezetza ozenki eman eta errepikatua dute. Alferrikakoa ez ezik, kaltegarria izanen litzateke nahi ez duenari elkarrizketa aldarrikatzen jarraitzea. Aitzitik, gizartearen on-ikusia eta iritzia da irabazi beharrekoa; Euskal Herriko eta Espainiako gizartearena. Horixe zen 1975eko eta 1976ko amnistiaren aldeko kanpainek xedetzat zeukatena eta orduko ahalegina ez zen oraingoa baino errazagoa, inork besterik uste badu ere.

Armak behin betiko entregatu ondoren, ETA erakunde zibil soilik bihurtuko da eta horrela aitortu beharko luke. Izan ere, preso politikoak eta indarkeriaren beste ondorioak dirauten bitartean, egokiagoa dirudi ETA deuseztatu beharrean, erakunde zibil soilik bilakatzea. Eta jakinaren gainean egonik, arbuiapen eta gaitzespen guztiekin hornituko dutela lehen-lehen unetik.

ETA arrazoi politikoengatik sortu zen, arrazoi politikoengatik hartu du borroka armatua behin betiko uzteko erabakia eta arrazoi soilik politikoengatik dagokio armak entregatu, erakunde zibila soilik bihurtu eta dagokionean hutsaltzea.

Egoera berriak eskakizun guztiak aldarrikatzeko aukera sortuko du, amnistia barne, Gernikako Akordioak zehazki gogoratzen duen bezala. Bakea ez da oparitzen, askatasuna oparitzen ez den bezala, baina bakea egitearren barne husten denak irabazten du herria. Euskal Herriak ETAren bukaera duina eskatzen du.