argia.eus
INPRIMATU
Déjà vu

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2021eko uztailaren 27a

Hilabete joan da eta urtarrilaren 12ko manifestazioaren durundiak belarrietan kili-kili egiten jarraitzen du. Manifestari kopuruek, bestalde, estatistika hotzak potolotzeko baino ez dute balioko, aurrerantzean dinamika berdinean jarraitzeko asmorik ez badago. Hurrengo urtera arte itxaroten geratu beharko dugu, bestela, datorren urtarrileko manifestazioan parte hartuko duen jende kopuruak gora egin duen ala ez jakiteko. Eta pozteko ondorioa aterako dugu hamar mila lagun gehiago joan direla jakindakoan, presoek kartzelan jarraituko duten bitartean, herriak kalera noiz aterako dituen zain, zerutik etorriko zaien liberazio eguna noiz etorriko zaien zain. Hori edo erresignazio kristaua izan beharko dute, badutenez gero, eta pentsatu zigorra bete beharko dutela haiek aukeratutako borroka bidearen ondorio logiko eta naturala delako. ETAko izateak horixe baitakar berez borroka izaerarekin batera: militantismoa edo etsipena, norberaren patu gisa. Baina bada beste biderik ere aurrekoak bezain duinak, eta da egokitzea bizi dugun egoera errealera eta borroka dinamikoagoa egitea norberaren borroka-kontzientzari kalterik eragin barik, bizi duten egoeratik libratzearren. Dena den, eta ni ez naiz iraganzale kasposoa, behin eta berriro iragan antzuaz elikatzen den horietakoa, orainean bizirik dagoela sentitzeko, faltan ditut duela hogeita hamabost urteko  espiritu elkartasunezkoak. Presoak euskal gizartearen parte oinarrizko ikustera iristen ginen garaietakoa. Gogoan ditut Amnistiaren Aldeko Astean antolatu ziren manifestazio, mobilizazio eta greba politiko etengabe eta emankorrak. Edo zelan ahaztu Askatasunaren Ibilaldia, Euskal Herri osoan zehar hainbat eta hainbat jende mobilizatu zuena, presoak kaleratzea (amnistia) aldarrikatuz edota Euskal Herriaren izaera nazionalaren onespena. Gauza eta egoera batzuk ez dira urteen joanean deus aldatu, baina. Historia errepikatu egiten da ziklikoki. Eta euskal gizartearen egungo egoera koiunturalak zerikusi txikia du orain dela hogeita hamar urtekoarekin alderatuz. Baina badira oraindik sendatu gabeko hainbat zauri, zornatzeko bidean daudenak.

Presoak kalera aterako baditugu, déjà vu bat bizi beharko dugu nahitaez, eta bueltatu eta berreskuratu sasoi bateko espiritua, kartzelatan dagoen gizajendea bertan usteltzen ikusi nahi ez badugu.