argia.eus
INPRIMATU
Zergatik dute zuloa donutek?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko urtarrilaren 29a

Doughnut hitzaren jatorria garbia da: dough hitzak orea esan nahi du eta nut-ek, berriz, intxaurra. Ez dago hain garbi gizakia noiz hasi zen intxaurrezko opilak egiten, baina Erdi Aroan dagoeneko egiten zituztela uste da. 1803an aipatu zituzten Ingalaterrako errezeta liburu batean, baina donut haiek ez zuten erdian zulorik. Hori bai, oso zaila zen ore guztia berdin egostea eta maiz opilaren erdiguneko orea gordinik geratzen zen.

1916an emandako elkarrizketa batean, Hanson Gregory itsas kapitain estatubatuarrak adierazi zuen berak asmatu zuela donutaren zuloa, 1847an. Artean, Gregoryk 16 urte besterik ez zituen, eta merkataritza ontzi batean lanean ari zela, intxaur opilaren erdigune gordinaz nazkatuta, erdian zulo bat egitea bururatu omen zitzaion. Eskura zeukan piperbeltz ontzia hartu, opilaren erdigunea zanpatu eta horrela sortu omen zuen forma ezaguna. Gero amari esan omen zion “sekretua”. Eta forma hura berehala zabaldu eta nagusitu zen.