argia.eus
INPRIMATU
Zentral nuklear gutxiago, baina CO2 emisio txikiagoa

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko urtarrilaren 29a

Berriki argitara emandako datuen arabera, Alemanian, 2011. urtean, nahiz eta hamazazpi erreaktore nuklear geldirik izan karbono dioxido emisioek behera egin zuten 2010eko datuekin alderatuz. 2011n 917 milioi tona aireratu ziren, eta 2010ean 944 milioi tona izan ziren emititutakoak, hau da, %2,9 gehiago.

2011ko negua ez zen oso gogorra izan Alemanian, eta ondorioz, aurreko urtean baino 24 milioi tona gutxiago emititu ziren etxeen berokuntzaren alorrean; baina aldi berean, esan beharra dago urte horretan BPG %3 hazi zela. Horren arabera, ekonomiaren hazkundeak ez zuen eragin emisio hazkunderik. Datu hori ulertezina da energia berriztagarrien aurrerakada kontuan hartu gabe.

2020 bitartean Alemaniak karbono dioxido emisioetan  %40ko murrizketak egitea du helburu, nahiz eta Europar Batasunak %20koa egitera besterik ez duen behartzen.