Gaztetxoei begirako ahalegin interesgarria plazaratu du Elkar argitaletxeak, bere Xaguxar bilduma tarteko. Joan Mari Irigoien idazlea eta Antton Olariaga marrazkilari eklektikoa ditu egile, eta erronka itxura batean zail bati heltzen diote, nork bere baliabideak dituela: poesia gustagarri egitea. Molde honetan ohiko ez diren gaiak ere aintzat hartu dituzte. Esate baterako, teknologia berria edo kimika bezalako eskola ikasgaiak. Adibidetxo bat. Kobre eta zink; / a, zer tripako mink! / Gas bihurtu nahi eta ezink! // Karbono eta silizio / soprano eta tenore, / aintza eta ohore: // Milango Scalatik guri deika, / Ainhoa Arteta; / haren ondoan, berriz, / Plazido Domeka…
Pikanteagoa da bata –12 urtetik gorakoena, Sasiak mendia jan– eta jostariagoa bestea –10 urtetik gorakoena, Urruneko motorrak mila zaldi–, aho-korapiloak, txisteak eta hitz-jokoak bezalako dibertimentuak proposatzen dituena. Pentsaraztea edo heztea eta ondo pasatzea eskutik aise joan daitezkeela premisa gogoan.