argia.eus
INPRIMATU
Legeetatik at, legea hautsi barik

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko urtarrilaren 29a

Katalunian hasi da independentziaranzko oztopo lasterketa. Orain, gobernuak badu legitimitate instituzionala erreferenduma deitzeko eta ez nolanahiko gehiengoarekin: 85 adierazpenaren alde eta 41 aurka (gehi CUPeko bi abstentzio). CiUren eta ERCren akordioaren arabera, erreferenduma 2014an egingo da. Noiz, ordea? Data bilatu behar. Gero erabaki dezatela kataluniar herritarrek eta kito. Horra demokrazia.

Hala beharko luke, baina ez da hain erraza izango. Lehenik eta behin, Artur Masek Madrili erreferendumerako baimena eskatzen dionean, Espainiako Gobernuak debekatu egingo du. Generalitateak helegitea jarriko du eta legezko tresna guztiak agortu, baina badaki bide horretatik jai duela. Gaur egun indarrean diren legeetatik at egin behar du independentziaren lasterketa, iragan 23an Parlament-ean lortutako babesarekin.

Eta nola antolatu erreferenduma debekatzen bada eta legearen aurka jo barik? Hainbat formula egon daitezke, baina bada hipotesi sendo bat: 2014ko uztailaren 8an egitea. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak dira orduan eta, dena antolatuta dagoela baliatuz, Artur Masek dei ditzake hauteskunde aurreratuak egun horretarako. Independentziaren aldeko alderdi guztiak batera aurkeztuko lirateke eta listo, horra baiezkoaren blokea, botoen erdia baino gehiago lor dezakeena. Ondoren, Gobernu berriak independentzia aldarrikatuko luke.

Burujabetza politikoa lehenik eta ondoren burujabetza juridikoa. Egun hauetan asko hitz egiten ari da bi kontzeptu hauei buruz Katalunian eta independentistek behintzat, argi dute ezin dela bigarrena eskuratu lehena indarrean jarri barik, eta horretarako ez dela Madrilen baimenik behar.

Eta orduan, listo? Ez, orduan hasiko litzateke independentzia ezagutzeko aldapa gora, eta hori zailagoa da, estatuei ez zaielako samur egiten kaltetutako estatuarekin adostasun bako prozesuak onartzea. Horra Kataluniako diplomaziaren desafioa. Madrilek argi ikusi du jokaldia eta, beste gai batzuetan legez, PPk iragarri du jada autonomien atzerriko jarduna legez kontrolatu eta murriztuko duela.

Estatu berri bat Europan, hori aldarrikatzen du katalanismo independentistak, Europar Batasunean zehatz mehatz, independentista eskoziarrek bezala. Herri eta estatu asko daude EBko atarian, ate joka, noiz eta EBren batasuna eta sentimendu europarzalea bere sorrerako ahulenetakoa denean. Horren erakusleetakoa da David Cameron britainiar agintariak besapetik atera berri duen EBrekiko erreferendumarena. Eta EBren egungo norabidean, oso posible da harengan sinesmen handirik izan ez duten ingelesek berau uztea.

Hara paradoxa, EBren sorrerako arrazoi nagusietakoa Alemania integratzea –eta hala mehatxu gisa indargabetzea– izan bazen, orain, Troyako zaldi gisa, germaniarrek EBko agintea hartu dute. Josep Fontana historialariari urtarrileko Larrunen egindako elkarrizketan esaten den gisan, Alemania Europar Batasunari esker lortzen ari da bi Mundu Gerrekin lortu ez zuena.

XX. mendeari gaur egunetik begiratuta, eta ñabardurak onartuta ere, honek baditu bi zati nabarmen Europan: lehen mende erdia gerra eta krisi ekonomikoarena da, eta bigarrena bakea eta ongizate estatuarena. Errealitate horien gainean eraiki zen EB eta zutoin horien erorketak ekar dezake bere hondoratzea, batez ere Alemaniak bere austeritate politikak inposatzen jarraitzen badu.