argia.eus
INPRIMATU
Itzulerarik gabeko agurra

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko urtarrilaren 29a

“Amak esan zuen, ‘hiltzen bagaituzte, denok elkarrekin hilko gara’. Aitak ordea, ‘ez, bizitza osoa dute aurretik’. Eta horrela hartu zen erabakia”, dio Josefinak. Francoren altxamenduak ekarritako gerraren ondorioz, bonbardaketetatik babesteko 1937an Euskal Herritik Britainia Handira erbesteratu zituzten 4.000 haurretako bat da Josefina. “Ez da luzerako izango, hiru hilabete baino ez”, esan zion aitak. Hala pentsatzen zuten denek, errepublikarrek irabaziko zutela guda eta etxera laster bueltatuko zirela seme-alabak. Gehienak itzuli ziren, bai, baina diktadurapera. 250 haur, dena den, betiko geratu zen Ingalaterran, gurasoengandik eta aberritik urrun, “nortasunik gabe”.

Josefina, Valentin, Juanita, Felix, Carmen, Manuel… Guztira hamalau ahots, gaur egun 80 eta 90 urte artean dituzten gerrako haurren hamalau bizipen jaso ditu Agur esatea filmak. Beren historia kontatzen duten off ahots horiek dira lanaren muin eta arima. Eta ahotsen lagungarri, garaiko irudiak (ikus-entzunezkoak nahiz argazkiak) eta animazioa tartekatzen dituen uztarketa bitxia. Bideo-jokoen estetika kutsua duen animazioarekin esperimentatu dute egileek, lekukotzak pantailaratzeko baliabide gisa, baina indartsuagoak eta naturalagoak iruditu zaizkit sasoi hartako argazki eta bideoak erakusten dituzten zatiak. Bizipenen bidelagun aproposak dira Iñaki Salvadorren musika atsegina eta sinesgarritasun handia duten soinu-efektuak.

Kronologikoki egiten du aurrera kontakizunak. Gerraren hasiera, Gernikako bonbardaketa, adin txikikoak ebakuatzeko erabakia, agurraren ordua, Santurtzitik Southamptonera 4.000 haur zeramatzan Habana itsasontziak eginiko bidaia gorabeheratsua –Francoren La Cervera ontziaren mehatxua tarteko–, ingelesen harrera, Euskal Umeen Kanpalekua, horien sakabanaketa Britainia Handiko etxe eta koloniatara… Eta bidegurutzea: 1939an, Euskal Herrira ekarri zituzten umeak –gainera, Francoren erregimenak bueltan nahi zituen, kosta ahala kosta–, baina gutxi batzuek, 250 inguruk, han egingo zuten bizitza, urtetan Euskal Herria eta familia ikusi gabe. Gurasoek ez zituzten galdegin, hilda zeudelako, edo erbesteratuta, edo egoera zela-eta ez etortzeko oharra bidali zietelako seme-alabei.

Horren guztiaren kontakizuna jaso du Agur esatea filmak, baita protagonisten sentimenduak, emozioak eta oroitzapenak ere. Gure historiaren pasarte hura berreskuratzen duen dokumentu baliotsua da, zalantzarik gabe, ahanzturan erori ez dadin buruturiko ordubete eta laurden inguruko lan txukuna. Aukera bat baino gehiago izango da berau ikusteko: otsailaren 8an Gernikan eskainiko dute, Elorrion eta Arrasaten ere hitzartuta dituzte proiekzioak eta beste hainbat herritako eta hiriburuetako zine-aretoetan ere bidea egin nahi du filmak. Otsaila bukaeran, gainera, Gasteizko Euskal Zine Astean hartuko du parte. Euskarazko bertsioa emango dute horietan, baina aipatzekoa da jatorrizkoan (To Say Goodbye) ingelesez mintzo direla gerrako haurrak. Zuzendaria ere ingelesa da, Matt Richards, eta Izaskun Arandia tolosarrarekin batera prestatu du gidoia. Oro har historiak bazter utzi dituen haur hauen testigantza “bizi mantentzea” izan dute helburu.

Pelikularen trailerra: