argia.eus
INPRIMATU
Ohoinkratak

Itxaro Borda 2013ko urtarrilaren 23a

Okituek ez dute beste ametsik: diru eta egitura publikoak muineraino zurgatzea eta atzerrietara ernatzea, maletak besapean, exiliatu fiskal estatutua eskatzeko. Errusiako Putinek pasaportea eskaini dio Depardieuri eta Mordaviako kultura ministro bihurtu daiteke nahi badu. Sosa diktatura zabarrenarekin erraz akomodatzen dela ederki frogatzen da berriz.

Eta gure enpresaburuek, batzuk herri gotorretako auzapez direla, ohartu gabean arauz, CAC 40eko aho-zabalen diskurtsoa errepikatzen digute: askoz zerga gutxiago ordaindu dezatela “zerbait egiten” dutenek eta oroz bat lanaren gastuak errumaniar zein txinatar langileen neurrira apaldu daitezela: behargin alferrek berrehun euroko soldata askitto dute! Euskaldun etxeko jaun zintzo eta suhar ohien artean esklabagista distiratsuak kausitzen direla onartzekoa dugu.

Hobe ikusi dut oraino txat gune batean: aberatsenak biktima gisa aurkezten zituenak zioen RSA, RMI, eritasun-sariak eta SMIC delakoa ukitzen duten baliatzaileek behar luketela zerga nazkagarri hori zakutik edo zorotik pagatu hilabetean hamar ardit baizik ez baldin bada ere!