argia.eus
INPRIMATU
Azkenik, badirudi Apophisek ez gaituela joko 2036an

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko urtarrilaren 23a
i.space.com

Lurraren inguruan milioika harri-puska ari dira biraka. Ez dira gutxi gure atmosfera zeharkatu eta lurra jotzen dutenak. Asko erabat suntsitzen dira atmosfera zeharkatzean, eta guregana heltzen direnak txikituta ailegatzen dira gehienetan. Lurraren orbitan biraka ari direnak eta tamainaz handi samarrak direnak kontrolatuta ditugu, nolabait esatearren, hau da, euren orbitak ezagutzen ditugu eta hurrengo urteetan zer egingo duten ere bai, gutxi gorabehera.

Beste kontu bat da unibertsoan zehar norabiderik gabeko bidaian dabiltzan asteroideena, Lurretik distantzia jakin batera hurbildu arte detektatzeko zailak direnez ezuste handiagoak eman ditzakete eta. Azken aldian nolabaiteko alarma piztu dute horietako bati buruz hainbat berriemailek emandako informazioek. Urtarrilaren 9an, Apophis izeneko harri puska 14,4 milioi kilometrora hurbildu zitzaigun, eta hainbat hipotesiren arabera 2029 eta 2036 urteetan 30.000 kilometro ingurura hurbildu daiteke. Kalkuluak egiteko sistemaren errakuntza tarteagatik, %2ko probabilitatea zegoen Apophisek Lurra jotzeko; kontuan hartzen badugu haren diametroa 350 metrokoa dela, piztutako alarma justifikatutakoa izan zitekeen.

Dena den azken berriak oso lasaigarriak izan dira, NASAk egindako neurketen arabera Apophis 2036an hurbilduko baita Lurrera, baina uste zena baino askoz urrutirago geratuko da.

Askoz lehenago jasoko dugu 40 metroko diametroa duen DA14 izeneko asteroidearen “bisita”: datorren otsailaren 15ean gugandik 27.700 kilometrora igaroko da.