argia.eus
INPRIMATU
Arte garaikidearekin jolasean

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko urtarrilaren 23a

Abenduko erauntsian heldu zen aurkezten ari garen perla, Durangoko Azokak zenbait egun lehenago sortzen duen motroiloan.

Haurrentzako gida dela nabarmentzen du azalak, arte garaikidea ulertzeko eta identifikatzeko metodo modukoa dela. Eta hauxe irakurrita produktu pedagogiko baten  aurrean gaudela irudi lezakeen arren, hori eta gehiago da Arte garaikidea?! (Nerea, 2012). Bada esku-liburua, baina baita gonbite erakargarria ere, nazioarteko arte garaikidea ezagutzera deitzen duen amua. Eta bada, halaber, zortzi urtetik gorako haur, guraso, eta zeinahi zaletu lilura dezakeen gozagarria ere. Adibideak, azalpenak eta istorioak bikainak direlako, ongi hautatuak, ongi idatziak, ongi erresolbituak. Jakina, euskarara txukun ekarriak.

New Yorkeko MOMAren (Museum of Modern Art) arte funtsetik abiatuta, obren errepertorio kolorista eta anitza eskaini dute egileek. Esan nahi baita, Jacky Klein arte historialariak eta Suzi Klein idazle eta dibulgatzaileak. Xedea zera dute, mundu osoko 70 artisten lanen bidez arte garaikidea ezagutzera ematea. Besteak beste, Andy Warhol, Louise Bourgeois, Yves Klein, Joseph Beuys, Joan Fontcuberta eta Eduardo Chillida xehekatu dituzte. Espazioaz, material bitxiez edota elementu arraroez mintzo dira xume eta zehatz, eta ikus-entzunezko arte-lanaz, performanceez, instalazioez, arte objektu eta tramankulu harrigarriez, artisten ideia eta teknika zabalduez...

Lanaren osagarri, artisten biografia txikiak, arte terminologiaren hiztegi moduko bat eta zenbait helbide elektroniko interesgarri datoz liburuaren atzealdean.

Sarreratik bertatik lotzen du liburuak. Askotan, azalpenak ematen hasi beharrean, begiak zabaltzeko eskatzen duelako. Obraren itxuratik harago jartzearren, sentimenduak erabiltzera bultzatzen duelako. Parte hartzera gonbidatzen duelako: begiratu, aztertu, gozatu eta galderak egin.