argia.eus
INPRIMATU
Desfasea
  • Hedoi Etxarte ::Sinplistak

    Susa, 2012

Igor Estankona 2013ko urtarrilaren 15a
Abade etxeetako euskal poesia soziala gainditzen duen suzko bonba hau irakurri ondoren sartzen zaizu halako bake sentsazio bat ez dena suminduena, ez dena militantearena, intimoagoa dena eta, era berean, guztiz artegagarria: Alain Urrutiaren azaleko txakurraren amorrua zer da, gurea? Amorru horri eusten ari zaion eskua zer da, gurea?

Eta esan dugu jadanik badaezpadako hitz hori: soziala. Jakizue, ordea, Hedoi Etxarteren liburu hau ez dela soziala bakarrik, espresionisten eran sentimentala ere badela. Eta ez da soilik sentimentala, ze esperimentu hotz bat ere bada, errepikapenekin, elipsiarekin, tipografiarekin jokatzen duena. Suzko Lilia (Susa, 2008) ez hain efektiboan barruntatzen zitzaion indar sismikoa neurririk gabe eta eder atera da beraz orain kanpora. Liburu honetan defendatzen da egia eta salatzen da gezurra, eta kontzeptu erlatibo horien alde batean zein bestean kokatzen da idazlea, erdibideetan babestu barik. Giottok edo Dalík bezala, Etxartek ere badu bere Azken Afaria (Gaurko afaria, 48. or.), adeitsu eta politikoki zuzena izan gura ez duena, eta ohartarazten duena ETAren jomugan egon aurretik hipokrita zena gero ere hipokrita dela. Tabuekin eta halako egia enpirikoekin eraiki du Etxartek mundu bat itsu batek soilik ikusten ez duena eta mundutik kanporatuek osatzen dutena, alienatuena, mileuristena, langabeena eta mamuena, orain iraultzaile eta orain erdipurdiko garen burges txikiona. Uzkiak nazka eta era berean atsegin morbosoa ematen digunon mundua da.

Iraultza artistiko ororen desmasiekin idazten du Hedoik atentzioa deitzeko, pentsatzera bultzatzeko eta amorrarazteko. Sarkasmoa txarto ulerturik, agian irudituko zaio bati baino gehiagori gainetik jartzen den handi bat dela, baina niri iruditu zait maisuki erabilia Brechtek zerabilen “distantzia efektuaren” antzeko ironia neurtu bat, gizartea zehatzago behatu, kritikatu, eta dialektikoki aurkezteko aukera ematen diona: “Zelula bakoitzean haragitzen ditugu/ abangoardia eta erretagoardia:/ koadroak gara, liderrak eta ardiak;/ dominatzaileak eta dominatuak”. Errealitate berri baterako lexiko berri bat dakar Sinplistak honek, erreferentzia eta kultismoz betea baina erradikala eta argia. Gogorra da, zauriak egingo dizkizu, haserretuko zara esaten dituen gauzekin, hunkituko zaitu hainbeste tristezia eta biolentziak. Zure erreakzioaren bila dabilen poesia da. Artea da.