argia.eus
INPRIMATU
Ostarte urdinak

Myriam Garzia 2013ko urtarrilaren 15a
Mikel Urdangarin
Mikel Urdangarin

Mikel Urdangarinek bere azken lana aurkeztu zuen Bilboko Arriaga Antzokian, urtarrilaren 6an: Azula (autoekoizpena, 2012). Errege egunean, beraz, eta arratsaldeko 7etan jarri zuen hitzordua. Minutu batzuk lehenago, jendea biltzen hasi zen antzokiaren atarian, Zornotzako abeslariak zaletu andana baitu Bizkaia aldean, eta argi eta garbi ikusi zen hori zuzenekoan. Publikoaren harrera ezin hobea izan zen.

Lanaren funtsa azaldu zuen hasteko eta behin: “Honantz nentorrela Gasteizetik, hodei gris ilunen artean, ostarte bat zabaldu da, azul intentsoa, lagundu nauena hiruzpalau minutuz, hain zuzen abesti batek irauten duena. Disko honetan, hori izan da bilatu nahi izan dudana, hain zuzen ere, gristasun honetan, azula bilatzea, hortan saiatzea”. Azula lan intimoa da, oso barnekoa eta oso gertukoa, Mikel Urdangarinek berak esanda. “Saiatu naiz, hala ere, idazterakoan distantzia hartzen, nigandik urruntzen, berekoikerian ez erortzen, istorioak, nolabait, unibertsalizatzen”. Eta horrela sentitu zuen Arriaga antzokiko publikoak ere, aurkezten ari zitzaiona, zerbait gertukoa balitz bezala, denok maite baitugu gristasunetik aldentzea.

Formatu berri batekin ausartu da Mikel Urdangarin disko honetan, bere ohiko banda baztertu du eta soinu berrien bila aritu da. Bi lagun ditu bidaide: Koldo Uriarte, pianoan eta sinteetan, eta Angel Celada, baterian. Bi lagun eta lankide, grabazioan zein zuzeneko formatoan. Izan ere, aski antzekoak dira diskoa eta zuzenekoa. Hirukote honek asteburu batean eta estudioan zuzenean joz grabatu baitzuen diskoa. Zintzotasun ariketa egin nahi izan omen zuten, “estudioan zuzenean grabatzea askoz ere egiatiagoa, freskoagoa eta politagoa baita”. Hirurek soinu berria sortzea helburu.

Mikel F. Krutzagak egin ditu soinu teknikari lanak.

Abesti berriak protagonista

Kontzertuan, nagusiki, disko berriaren abestiak izan ziren protagonistak, eta giro berezia sortu zuten, intimoa, hauskorra. Tonu horretan etorri ziren: Azula, Euria ari du, Han, Azken dantza, Ene mamu maitea, Musa, Oporton, Andikona 1936…

Urdangarinen abesti ezagunek ere izan zuten, ordea, aireratzeko parada: Anek idatzi dit zutaz, Hau ez da amodiozko kanta, Badira hiru aste, Letra hauek, Egun argian, edo Munduari begiratzeko modu bat. Publikoaren txalo zaparradak, oihuak eta txistuak, berriro agerrarazi zuten abeslaria. Hiruzpalau abesti jo zituen, berak bakarrik, besteak beste hauetxek: Arrasto umela, Bazkalosteko kafea, Oihana eta Non geratzen den denbora.

Aurrerantzean hainbat aukera izango da zrnotzarraren lan berriaz gozatzeko, zenbait hiritan, zenbait antzokitan taularatuko baitu Azula. Besteak beste, Baztanen, otsailaren 23an; Getarian, martxoaren lehenean; Miarritzen, martxoaren 2an, Donostiako Victoria Eugenian, martxoaren 23an; Barakaldon, maiatzaren 17an eta Gasteizeko Principal antzokian, maiatzaren 18an.