argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Moneta Funtsaren ardurak

Juan Mari Arregi 2013ko urtarrilaren 15a
Cristine Lagard, Nazioarteko Moneta Funtsaren aurpegi publikoa.
Cristine Lagard, Nazioarteko Moneta Funtsaren aurpegi publikoa.

Joan den astean munduko ekonomiari loturiko gertaera bat ikusi genuen, eta gertuko gure errealitatean ere eragina izan dezake. Gertaera horrek zerikusia du Europan egiten ari diren doikuntzekin eta defizitaren kontrolarekin, bereziki Espainiako Estatuan. Politika horrek milioika langabetu eragin ditu, baita milaka enpresa ixtea, etxegabetzeak, prekarietatea, pobrezia orokorra, eta suizidioak ere. Politika horiek Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) sustatu ditu, eta Europan, Alemaniako kantziler Angela Merkel izan du buru, baina Espainiako Gobernuak eta autonomia gobernuek ere segitu diote. Kontuen arabera, Europan, gastatzen ez den euro bakoitzarengatik, aktibitatea sortzeko balioko lukeen 1,5 euro deuseztatu da.

Politika horiek ez dute ahalmenik izan hazkundea sortzeko eta ondorioak krudelak izan dira. Bada, orain, NMFeko arduradunek diote aurreikuspenetan erratu zirela eta hazkunde eta inbertsio politikara itzuli behar dela. Eta lasai asko geratu dira! Bistan da analisi berriaren ondorioz erantzukizuna hartu beharko luketela, aurreikuspenak egiteko gaitasun eskasa izan dutelako, eta euren karguak utzi beharko lituzketela, haiengatik soldata milioidunak jasotzen ari baitira. Hain itsu egon al dira? Ez al zekiten doikuntzetan eta defizit publikorik ezan oinarrituriko politikak ez duela aterabiderik inorentzat, ezta hartzekodunentzat ere? Azken hauek badakite, inork baino hobeto, ez bada hazten ezin dela kobratu. Zein sinesgarritasun eskaini dezake NMF gisako organismoak, analisia egin, erratua zegoela onartu, eta berehalakoan arduradun nagusiak kanporatu ez baditu? Zeinek zuzentzen du NMF? Ez harritu irakurle: Aznarren Ekonomia ministro-ohi Rodrigo Rato izan zen aurreko zuzendaria. Gero Bankian hartu zuen ostatu, kiebrara eraman zuen, eta orain inputaturik dagoen arren, Telefónicako aholkulari gisa “saritu” dute; kargu horrengatik 200.000 euro baino gehiago kobratuko du! Halako zuzendariarekin...