argia.eus
INPRIMATU
Makulurik gabe dantzan
  • Makulu ken ::Makulu ken

    Autoekoizpena, 2012

Joxi Ubeda Goikoetxea 2013ko urtarrilaren 15a
Erritmo beroak, melodia alaiak eta doinu dantzagarriak. Makulu Ken taldearen kantuak oso gustura entzuten ditut. Gorputzaren atalak oharkabean mugitzen hasten zaizkit, eta irribarrez nagoela konturatzen naiz. Kantuek alaitasuna transmititzen baitute, poza, bizitzeko gogoa.

Taldekideek beren lehen diskoan oso ondo landu dute dena: doinuak, erritmoak, melodiak, musika tresnak, ahotsak, hitzak, grabazioa, moldaketak nahiz ekoizpena, eta soinu indartsua, zuzena, zehatza, trinkoa eta garbia gauzatu dute. Ozen jarri eta dantza egiteko aproposa.

Afrobeat, funk, reggae eta rockaren eraginak suma daitezke beren kantuetan, euskal sustraiak ere antzematen ahal dira, baina horiez guztiez ederki baliatuta beren doinua eraiki dute, eta Makulu Kenen kantuak erraz ezagutzen ahal dira.
    Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa) da taldea. Txus (bateria), Patxus (baxua), Xuber (perkusioa), Xa2makulu (gitarra eta ahotsa), Eider (ahotsa) eta Itxaso (ahotsa) dira taldekideak. Makulu Kenekin hasi aurretik, Potrojorra, Briganthya, Yennin, Iratxo, Underneed, Tabu Tabar, Herrera eta bere kronopioak, Nahiak, Nil eta Musker Oker taldeetan jo dute.

Diskoaren grabaziorako, musikari ugariren laguntza izan dute, eta denak primeran aritu dira beren zereginetan: Enekora (kora), Xabi Beldarrain (surdoa), Josu Gabellanes (pandeiro brasildarra), Arkaitz eta Mikel –Oreka TX– (txalaparta), Igor Gartzia (saxofoia), Iñigo Isasti (tronboia), Gorka Segurola (tronpeta), Asier Suberbiola (biolina), Josu Etxeberria –Oreindik– (ahotsa), Xanti Noriega (gitarra) eta Joan Berenguer (teklatuak). Lagun alaiak, ameslariak eta txantxazaleak dira Makulu Ken taldeko kideak, baina kantuetan kritika, salaketa eta aldarria ere egiten dute, modu zuzenean edo ironiaz.
‘Makulu Ken’, taldearen izena izan ez ezik, filosofia bat ere bada: makulurik gabe hitz egitea, komunikatzea, maitatzea... “Makulu mentalak kendu behar ditugu”, Makulu Ken taldeko kideek beren disko aurkezpenean esan zuten bezala.

Hori egingo dugu: makuluak eta lotsak alde batera utziko ditugu, eta Makulu Kenekin dantza egiten hasiko gara, gorputza mugitzen, irribarrea ahotik kendu gabe.