argia.eus
INPRIMATU
Lehen gezurra

Edu Zelaieta Anta 2013ko urtarrilaren 15a

Ataritik irteten den bakoitzean, lehen urratsa egin baino lehen, bi aldeetara begiratzen du beti; eta gero gora, zerura. Txikitan hala egiten ikasi omen zuen. Umetan hartzen diren ohiturak direla dio orain, akaso praktikan balio handirik ez dutenak: euria egin behar baldin badu, berdin egingo du, gora begiratu ala ez.

Etxetik abiatu eta hamar minutu geroago urteko lehen gezur nabarmena esan diotelako sentsazioa du, kalean aspaldiko lagun batekin topo egindakoan: “Zuriñek harremana uztea erabaki zian, baina, tira, burua altxatzen hasia nauk jada. Makurrena pasatua diat”.

Makurrena oraindik pasatzeko duela bistan da. Haatik, errukiz-edo jokatze alde, (auto)engainua onartu dio begitartearen keinu herabe batez, isilik. Aspaldiko lagunak gezurretik nahi duela egia osatu antzeman du. Aise samar.

Urteko lehen asteetan desioak eta errealitateak nahaska ibili ohi zaizkigu, iraganaren balantzeak eta geroaren aurreikuspenak. Okerrena urtearen bigarren zatirako pasatua izango dela adierazi du Raxoik. Aurpegira bota dioten urteko lehen gezurraren meritua ere ez du bigarren honek.