argia.eus
INPRIMATU
Irakurleen zizare jendea

Jakoba Errekondo 2013ko urtarrilaren 15a
Artemisia abrotanum. Hau da bizio-belar jatorra, askorentzat.
Artemisia abrotanum. Hau da bizio-belar jatorra, askorentzat.

Landare kontuen txoko honetako nire kontularitza baldarrean zortziehungarrena idazten ari naiz. Eta hemezortzi urte eskaseko asteroko jardun hau zuri zor dizut. Zuriak ez diren eskerrak zuri. Irratiko 28 urteotako milaka saioetan entzulearekin piztu den harreman zuzena sotilagoa da hemen, meheagoa. Ba al da, non da irakurlea? Mizpiraren inguruko azkenekoei ekarpenak egin dizkieten irakurleak zu zuek denen eredu: Ibon, JR eta Martin, hau bizipoza eman didazuena. Lilura hutsa ez zara behintzat eta...

Irudipenen eta ametsen jokoetatik... Zer irudipen eta zer amets, egiazko maisu zarete. Balizko irakurlearekin harremana sotilagoa, baina irakurlearekin zorrotza. Mizpira, Mespilus germanica, lekuko. Santi Onaindia karmeldar ohorezko euskaltzainak bere Euskaldunak eta osasuna liburuan mizpira “bizioai alde-eragiteko be” ona dela dioela jaso nuen. Eta nire motzean, apaiz batek zionez, bizioa sexuarekin lotu nuen. Hor etorri zaizkit, ordea, irakurleak bizioa (“bixixoak”) hesteetako zizarea ere badela esanez. Eta arrazoi izango dutela iruditzen zait. Mizpira kozkorra, beraz, hesteetako zizareak botatzeko ona da.

Eta irakurle iragarle igarleek abiatutakotik, libratzerakoan zizare horiek ere libratzeko egokiak diren landareak bilatzeari ekin diot. Bizio-belarra, zizare-belarra... azaltzen dira bai batean eta bestean. Gehienentzat Artemisia abrotanum da bizio-belar jatorra (zizare-belarra eta artamixa ere deitzen zaio). Zizareak kaleratzeko bezala, haizeak botatzeko eta beherakoa mozteko ona omen. Bada zizare garbitze lan horri nola edo hala lotu zaion beste landare ugari ere: mota-belarra (Tanacetum vulgare), otsababa emea, mingaizto-belarra eta lupu-belarra deitutakoa (Helleborus viridis), erruda (Ruta sp.), ezker-aihena (Humulus lupulus), iratze arra (Dryopteris filix-mas), intxaur beltza (Juglans nigra)...

Intsektuak uxatzen dituzten landare horiek mikatzak dira, gustu txarreko izerdia edo kirats jasanezina dute. Badira pozoi puxka bat duten zizareen aurkako beste batzuk ere: sabia (Chenopodium sp.), tabakoa (Nicotiana tabacum)... Azken hori ahoan txikitu eta irentsi.

Baratxuria (Allium sativum) ere oso ona omen da. Baratxuri begi bat txikitu eta koilarakada pare bat urekin nahastuta hartu, egunero. Zizare jendea uxatuko duzu, baita bestelakoa ere.