argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako harizti handiena, erreserba izateko zain
  • Hariztiz eta pagadiz osatutako baso mistoa da Añarbekoa. Egoera oso onean dago eta Aiako Harria Parke Naturalaren kontserbazio balio handienak daude bertan. Biodibertsitatearen galera dela-eta, baso erreserba izendatzea eskatu dute ekologistek eta hainbat erakundek, baina oraindik ez da halakorik egin.

Iure Eizagirre 2013ko urtarrilaren 15a
Añarbeko urtegia eta basoak Urdaburuko (598 m.) gailurretik; 900 hektarea baso babestea dute helburu ekologistek.
Añarbeko urtegia eta basoak Urdaburuko (598 m.) gailurretik; 900 hektarea baso babestea dute helburu ekologistek.

Errenteriako Udalak Añarbeko basoari babes handiagoa emateko prozesua duela urte batzuk hasi zuen, 2006an Agenda 21en ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko ikuspegi orokorreko hainbat neurri hartzea adostu zuenean. 2009an aurrerapausoa eman eta bioaniztasunaren kontserbazioan gorengo mailan dagoen baso erreserba izendatzeko proposamena espresuki osoko bilkuran bozkatu eta aho batez onartu zen. Urteak igaro dira harrezkero, baina izendapena gauzatzeke dago eta oraindik Añarbeko basoak Kontserbazio Aktiboko Eremu izaten jarraitzen du; baldintza batzuk kontuan hartuz gero, lurren eta basoen esplotazioa baimenduta dago, alegia.

Basoa publikoa da, Errenteriako Udalaren jabetzakoa. Herri lurra, beraz. Baina Natura 2000 Sarean sartuta dauden Gipuzkoako beste 19 eremuetan bezala, Foru Aldundiari dagokio kudeaketa eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, planifikazioa. Hala, bi erakundeotako aurreko legegintzaldiko ordezkariak hasieran ez ziren Errenteriako Udalaren proposamenaren aldekoak. Aldundiak beste proposamen bat aurkeztu zuen, Iñaki Azkarate Errenteriako Udaleko Ingurumen teknikariaren esanetan, “Gipuzkoako Ehiza Federakuntzaren presiopean”. Erreserba eremua 909,95 hektareatik 600era murriztea proposatu zuen Aldundiak. Izendapenaren sustatzaileek zein eskualdeko ekologista taldeek neurri horren aurka egin zuten.

Aurreko Aldundiaren jarrera izan da erreserba izendapenak oraindik aurrera ez egin izanaren arrazoi nagusietako bat, Azkarateren ustez. Baina iazko hauteskundeen ostean Bildu dago agintean Gipuzkoako Foru Aldundian eta udal zein foru ordezkariak bilerak egiten ari dira, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana aldatzea, erreserba izendatzea ahalbidetuko bailuke horrek. Bide horretan kide berri batekin egin dute topo, izan ere, Donostiako Udalak parkean duen 120 hektareako Errekabeltza pagadia erreserban sartu nahi du.

Sustatzaileek ez dakite zerekin egingo duten topo osatu berri den Eusko Jaurlaritzan, Azkaratek azaldu duen bezala, besteak beste oraindik ez dutelako Bioaniztasuneko zuzendari nagusirik izendatu. Dena den, udal erabakia izanik eta erreserbaren mugak Hiri Ordenamendurako Planean jasota egonik, baiezkoa besterik ez dute espero. “Antolamendurako Planean erreserba zer den begiratzen badugu, Añarberako definizio zehatza dela ikusiko dugu. Gainera, kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoan gutxi direla kontserbazio egoera horretan dauden hariztiak eta baso natural helduak. Desagertzen ari diren Gipuzkoako eta Bizkaiko hariztien oso ordezkari ona da, handiena”, gaineratu du ingurumen teknikariak. Jaurlaritzaren onespenarekin, hilabete batzuk nahikoa lirateke 1995ean sortutako Natur Baliabideen Antolamendurako Plana aldatzeko. Horregatik espero dute aurten erreserba izendatzea.

Hariztiak eta pagadiak berezitasun

Erreserbaren eremua mugatzeko, naturaren kontserbazioko irizpideak izan dituzte kontuan –hariztien eta pagadien presentzia, besteak beste–. Aiako Harria Parke Naturaleko kontserbazio balio altuenak omen daude Añarben. “Gipuzkoan jarduera ekonomikoa izan da mendietan mendeetan zehar eta basoak oso landuak daude. Añarbeko basoan ere egon da giza jarduera baina aspaldi utzia da, Artikutzan bezala. Ondorioz berreskuratzen joan da. Horrelako baso masa natural jarrai gutxi ditugu hemen inguruan: Bertiz eta Artikutza (Nafarroan) eta Añarbe bera. Hariztiak eta horri lotutako fauna (basakatua, okila, baso-harrapariak...) eta landaredia dira hemengo balio handienak”, azaldu du Azkaratek.

Errenteriako Udalak maila lokalean, baina Europako ingurumen testuinguruan dihardu lanean. Europar Batasunean hariztiak ez daude mehatxatuta, izan ere, oso eremu laua da, eta hariztiak gune lau eta baxuetan hedatzen dira, ez menditsuetan. Gipuzkoan, berriz, egoera alderantzizkoa da: natur kontserbaziorako elementu interesgarriak eremu menditarretan gelditu dira baztertuta, batez ere probintziako hegoaldean, basoen erabilera intentsiboa, industria, azpiegiturak, basogintza eta bestelako giza-jarduerak direla medio. 

Bestalde, Gipuzkoako babestutako eremuek ez dute loturarik elkarrekin, adituek proposatutako korridore ekologiko guztiek hausturaren bat baitute, dela honako errepidea dela halako azpiegitura. Ondorioz, naturgune babestuak isolatuta daude eta Europako baso zatiketaren mapan puntu beltzen artean kokatu du horrek Gipuzkoa, baita bioaniztasunaren galera tasa handiak dituzten eremuen zerrendetan ere. Bizkaia ez da aparte eta egoera berean dago, intsinis pinuaren hedapenagatik (ondoko irudian).

Datu horiek guztiak kontuan hartuta egin du Errenteriako Udalak Añarbeko basoaren kontserbazio maila igotzeko eskaria. Eremu zabalagoa nahiko lukete baina ezinezkoa da: “900 hektarea oso gutxi da –dio Azkaratek–. Koherentzia eta konektibitate biologikoa bermatzeko, agian 6.000 hektareako eremua beharko litzateke, baina Gipuzkoan ez dugu tamaina horretako basorik. Hogei mendetako jarduera ekonomikoari lotuta egindako habitat eta espezie galera hain da izugarria, horrelako orbanak bakarrik gelditzen zaizkigula”.

Baina zuhaiztiak ez dira babestu beharreko bakarrak. Oraintxe ari dira Errenteriako habitaten eta espezieen banaketa ebaluatzen, eta esku artean duten zirriborroaren arabera, 167 espezie ornodun daude udalerrian, 107 babestu beharrekoen artean katalogatuak, horietako gehienak Añarben. Gipuzkoako milaka biztanleri edaten ematen dien ura ere handik dator eta urtegia da kontserbazio balioa duen beste elementua. Erreserbak horren zati bat ere hartuko luke. Erabilera eta jarduera murriztu, eta uraren kalitatea areagotuko luke horrek.

Oilagorren ehiza debekatuta

Añarbeko basoa Kontserbazio Aktiboko Eremu den bitartean baimenduta dago bertan ehizatzea. Erreserbaren iparraldeko muga litzatekeen eremuan usoa ehizatzeko postuak daude, eta kontserbazio maila igotzean bere horretan mantenduko dira, erreserbaren eremutik kanpo baitaude. Barruko eremuan, berriz, oilagorren ehiza, eta basurde eta orkatzen uxaldiak egiten dira egun.

Izendapenarekin, oilagorren ehiza debekatuko da. Izan ere, definizioz, biodibertsitatearen kontserbazioa da erreserba izendatutako eremuaren erabilera bakarra. Azkaratek adierazi duenez, jende gutxi ibiltzen da Añarben oilagorrak ehizatzen, eta erreserba izendatzean beste norabait joan beharko dute. “Ez da oilagorren ehizarik egongo eremu horretan, baina Gipuzkoako 200.000 hektareatan eta Aiako Harria Parke Naturaleko 5.000 hektarea baino gehiagotan egongo da”, gehitu du.

Salbuespen gisa, animalien populazioa kontrolatzeko ehiza baimentzen du araudiak. Añarberen kasuan basurdeen eta orkatzen populazioa dira kontrolatzekoak, ez dutelako harraparirik. Azkaratek honela azaldu du: “Kalteak baldin badaude, eta zientifikoki eta teknikoki ikusten bada hala dela –ez du balio norbaitek esatea asko dagoela–, uxaldiak egingo dira”.

Bisita masiborik ez

Basoa erreserba bihurtzeko egitasmoa Reverse nazioarteko proiektuan sartuta dago, nazioarteko praktika on bezala. Hala ere, sustatzaileek komunikazio kanpaina neurrian egiteko asmoa dute, ez baitute nahi ingurua bisitariz betetzerik. “Ez dugu nahi hau Doñana (Espainia), Gavarnie edo Néouvielle (Frantzia) bezalakoa izaterik. Ez dugu nahi erreserbaren ondorioz 30.000 edo 100.000 bisitari etortzerik”, dio Iñaki Azkarate Errenteriako Udaleko ingurumen teknikariak. Gaur egun ere maiztasun eta bisita erregimen txikia duelako omen dago basoa hain kontserbazio egoera onean.

Añarben, Bertiz eta Artikutza dituzte eredu. Lehenengoa habitaten eta espezieen kontserbazioan eta bigarrena, berriz, bisiten erregimenean. Urtean behin edo bitan irekitzen zaie Artikutza autoei eta oinezkoen bisitak libreak dira. “Ez ditugu nahi mila auto ilaran edo izugarrizko parkingak, eremua bereziki sentsiblea delako”, amaitu du Azkaratek.