argia.eus
INPRIMATU
Fruitu gorria
  • Estankona. ::Fruitua.

    Baga-biga, 2012.
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko urtarrilaren 15a
Estankonaren bakarkako bigarren diskoa dugu Fruitua. Disko apala da, aurrekoa baino linealagoa, talkarik gabekoa nahi bada, kontrasterik falta ez duen arren. Autoan, bide lasairen bat hartu eta aise egiten dira kilometroak beronen doinuek bozgorailuetatik lagun egiten dutela.

Lan biluzia da, zentzurik onenean. Batetik, hiru musikari besterik ez direlako taldean (Jimmi Arrabit bateria-jotzailea, Itxaso Etxebeste baxu-jotzailea eta Estankona bera, gitarra-jotzaile eta kantari). Grabaketak ez du hirukote natural honen baliabideen gaineko apaingarririk erakusten. Bestetik, barrura begiratzen duelako sortzean; bere baitatik atera dituelako hitzetan esandakoak, eta zenbait tonutan esan ere, surrealismo kutsuz nahiz gordinki.

Amorrua ezagun zaio batzuetan, sentiberatasuna beste hainbatetan, instrospektiban aurkitzen den emozio ugari, elkar ukituz bezala, soka berean baletoz bezala, segidan, jauzirik gabeko trantsizioan. “Abesterakoan gehien gustatzen zaidana, begiak itxi, edo begirada aurrera zuzendu norabait, eta abesti horren jatorri diren bizipenen irudiak nire barruan dantzatzen ikustea da”, azaldu zuen Estankonak berak, diskoaren aurkezpeneko orrian.