Krisi betean amaitu gabe geratu diren eraikuntzak, saldu ezinik prezio altuetan mantentzen dituzten pisuak, administrazioarenak diren etxe hutsak, erabiltzen ez diren kostaldeko bigarren apartamentuak… 255.000 etxebizitza huts baino gehiago daude Euskal Herrian, eta moduak badaude horri aurre egiteko, baina ez dira neurriak hartzen.
Hipoteka ez ordaintzeagatik ugaritu diren desjabetzeen aurretik jada, datuak ez ziren makalak: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bigarren bizitetxeak eta etxe hutsak 42.000 inguru ziren 2009an, etxe guztien %25 ia (Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboaren arabera); Nafarroan 38.612 etxe huts zenbatu zituen 2010ean Sustapen Ministerioak, etxe guztien %12; eta urte berean EAEn pisu hutsak 75.000 bat zirela adierazi zuen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Batzorde horrek berak eskaera ere kalkulatu zuen: 75.000 bat etxe behar ziren denera. Ekuazioa ez da hain sinplea, baina eskaeraren eta etxe hutsen datu ofizialak parekoak izanik, norberak atera ditzala ondorioak.
Etxebizitza izateko eskubidea aldarrikatzen duten mugimenduek argi daukate: alokairu publikoa edo soziala da irtenbidea. Jabetza publikoa izan behar dute etxebizitzek, herritarren beharretara moldatuko diren baldintzetan eskaintzeko –alokairu sozialean–. Egun, ordea, oso bestelakoa da errealitatea: bai merkatu librean, bai Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, jabetza pribatua da nagusi. EAEn esaterako, eraikita dagoenaren %91 jabetzan dago eta %9 alokairuan; bada, %9 horren erdia baino gutxiago, %4 inguru baino ez da alokairu publikoa. Legea ere alde du jabetzak, zergen kenkariak onuragarriagoak direlako etxearen jabe izanez gero, alokairuan egonda baino. Areago, etxe hutsak bultzatzen ditu legeak berak. Eraikitzen diren etxe berrien %10 hutsik geratuko direla aurreikusten du Lurralde Antolamenduak: tokian tokiko plan orokorra prestatzerakoan, zenbat lur beharko den kontuan hartzeko garaian, etxebizitza hutsak hartzen dituzte aintzat eta lur horretan X etxebizitza behar badira, X + %10 eraikiko dituzte. “Hortaz, lurzoru gehiago kontsumitzen da, ingurumenarentzat eta herriarentzat horrek dakartzan kalteekin”, kexu da Amaia Elorza, EtxebizHitza plataformako kide eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko teknikaria.
Iparraldean, legeak dio etxeen %20 bideratu behar dela etxebizitza sozialetara, 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan. Etxebizitza sozial horiek, dena den, salmentakoak nahiz alokairukoak izan daitezke. Egoera oso bestelakoa da Europako herrialde askotan: ohikoa da etxebizitzen %50 baino gehiago alokairu soziala izatea, edo alokairua, “baina alokairu pribatua ere merkea da: gurean alokairua ez dago erregulatua eta merkatuan jabetzak ezarritako baldintzen menpe dago, prezio oso altuak ditu; atzerrian aldiz, alokairua arautua dagoelako edo merkatua ez delako jabetzara bideratu, prezioak askoz baxuagoak dira eta beraz pribatua ere eskuragarria eta arrazoizkoa da ekonomikoki –azaldu digu Elorzak–. Hemen, 800-900 eurotan dago alokairu prezioaren batez bestekoa, zeinek ordaindu dezake hori, batik bat gaur egun?”. Elkartzen gizarte mugimenduaren ustez, adibidez, alokairuan sartzeagatik herritarrak gehienez bere diru-sarreren %15 ordaintzea finkatu beharko luke legeak.
Zein neurri jarri daitezke martxan hutsik dauden etxebizitzei erabilgarritasuna eman eta alokairu sozialean jartzeko? Hiru jabe mota ezberdindu behar ditugu lehenik: pisu hutsa duen jabe partikularra, etxe ugari dituzten jabe handiak eta administrazio publikoaren esku dauden eraikinak. Jabe partikularrak, etxea hutsik badu, moralki alokatzeko betebeharra duela azpimarratu du Kepasakonlakasa elkarteak. Amaia Elorzak ere ez du zalantzarik: “Gaur egun sakratua da jabetza pribatua eta pisua hutsik izan nahi duenak hala mantendu dezake, baina denok etxebizitza izateko eskubidea dugun neurrian, alokatu nahi ez duen jabeari zigorrak jarri behar zaizkio, ondasun higiezinen gaineko zergak igo behar zaizkio, ez dadin hain erosoa izan hutsik duen bigarren etxeari erabilgarritasunik ez ematea. Karga hori jarrita ere hutsik mantendu nahi badu jabeak, plataforman uste dugu administrazioak aldi baterako desjabetzea jarri beharko lukeela martxan, pertsona horri etxearen gaineko eskubidea kendu beharko liokeela denbora batez, administrazioak berak alokairu sozialean jartzeko”.
Gobernuek Etxebizitza Legearen bidez bultzatu lezakete higiezinen gaineko zerga igotzea, eta EAEn diputazioek ere badute horretarako eskumena. Udalek zer egin dezaketen? Beren esku dauden tasak puztu etxebizitza hutsei, akuilu ekonomiko gisa, esaterako zabor tasa. Aitzitik, Hegoaldean hartzen diren neurriak eskasak direla iritzi dio Elorzak: jabe partikularrak etxe hutsa administrazioaren gestiopean uztearen truke, alokairu sozialean izango duen azken prezioaren eta jabeak finkatzen duen prezioaren aldea ordaintzen dio administrazioak, “baina hori ez da alokairu publikoa sustatu eta arautzea, etxea alokairuan jartzeagatik jabeari ordaintzea baizik. Salneurri altua finkatzen jarraituko du jabeak, nahiz eta erakunde publikoak aldea ordaindu; bidezkoa al da hilero 1.000 euroko alokairua eskatzea jabeak?”. Gazteei alokairua errazteko diru-laguntzak ematea ere filosofia bera dela gaineratu du: “Zer egin zuten etxeko nagusiek? Prezioak igo, berriz ere ez direlako alokairuaren kostua mugatzeko neurriak, diru emate neurriak baizik”.
Iparraldean, etxe hutsak eta bigarren etxeak argi bereizten ditu legeak. Hala, etxe hutsen gaineko zerga onartu dute hainbat udalerrik, Hendaiak eta Donibane Lohitzunek kasu. Bigarren etxebizitzak ordea, ezin dira gehiago zergatu, “baina bada aukera bat: ezin zaienez etxe batzuei zerga igo eta beste batzuei ez, etxebizitza denak %15 igo daitezke eta gero lehenengo etxebizitzari beherapena egin. Proposamena egin dugu Hendaian, baina atzera bota digute”, dio Iker Elizalde Biharko Hendaia alderdiko kideak. Erakunde publikoek beste formula bat ere abiatu dute: etxe hutsak berritzeko lanen kostua hartzen dute beren gain, eta ordainetan hainbat urterako etxe horren alokairua kudeatzen du administrazioak.
Hala ere, partikularretatik harago, afera honetan agerikoa da jabe handien erantzukizuna, dituzten eraikin hutsen kopurua eta jarrera espekulatzailea aintzat hartuta. Ugariak dira bankuek, eraikitzaileek eta enpresa eta erakunde pribatuek dituzten lurrak, bukatu gabeko eraikinak eta saldu gabeko etxebizitzak. Ezer eraiki gabe lursailak mantentzen dituzten “lurraren okupei” jabetza kendu behar zaiela aldarrikatu dute Kepasakonlakasakoek, esku publikoetara aldatzeko. Berdin amaitu gabe utzi dituzten urbanizazioekin: “Urte oparotan, eraikitzaileek sarri nahita gelditzen zituzten lanak, aurretik eraikita zituzten beste etxebizitza batzuk garesti saltzeko; orain, nahi duten prezioetan saltzea lortzen ez badute, erabakitzen dute ez eraikitzea, edo bukatuta dauden pisuak hutsik mantentzea, salneurria ez jaistearren. Baina diru-sarrera publiko handia egon da urbanizazio horietan, besteak beste ura, elektrizitatea eta abar sartzeko. Botere publikoak eskumena izan beharko luke jabetza horien ardura hartzeko, eraikitzaileak beren eginbeharrak amaitzera behartzeko eta etxe horiek guztiak alokairu sozialean eskaintzeko”, dio Elorzak. Eta gauza bera bankuek, jendea kaleratu ostean, hutsik duten etxe andanarekin: jende horri alokairu sozialean eskaintzera behartu beharko lituzke legeak.
Azkenik, erakunde publikoak eurak dira eraikin huts askoren jabe eta horri izugarria deritzo EtxebizHitza plataformako kideak, “denon ondasuna galtzen uztea” delako, beharra hain larria den garaiotan. Politikariak hasi dira etxe hutsen erroldaz hitz egiten, horiek alokairu publikora bideratzeko beharraz… baina oro har ez dira harago joan. Elorzaren esanetan, “alokairu publikoa gehitu diote diskurtsoari, baina etxea merkatu ondaretzat duen politikaz mintzo dira aldi berean, etxebizitzen merkatua salbatzeaz. Etxebizitza Legearen proiektuan esaten da eraikuntza berrien negozioa agortua dagoela, baina zaharberritzeen merkatuan pentsatzeko ordua dela. Etxebizitza eskubide gisa ulertuz gero, ez lirateke arituko merkatuaren hizkuntza horretan hitz egiten”
Hain justu, aurreko Eusko Jaurlaritzak joan aurretik onartu duen Etxebizitza Lege Proiektuak salmentaren eta jabetza pribatuaren eredua mantentzen du eta ikusteke dago gobernu berriak norabide berari eutsiko al dion. Zehazki etxe hutsen atalean, bi neurri aipatzen ditu lege proiektuak: hutsik dauden bizitokiei zerga bat ezartzea eta aldi baterako desjabetzearen aukera. Beste bi amarru ditu legeak, ordea, neurriok ezerezean uzten dituztenak: batetik, zerga ez da ezartzen, baizik eta zerga hori ezarri ahal izateko baimena ematen du; bestetik, etxearen salmenta edo alokairu eskaintza egitearekin nahikoa da betebehar legalei iskin egiteko. Alegia, nahi den prezioan nahi den lekuan iragarkia jarri eta norbaitek onartuz gero ere ezetz esatea aski litzateke, etxe hutsa huts eta norberaren jabegopean gordetzeko. Laburrean, azken araudiak ere, aurreko legegintzaldikoen gisan, ez du mekanismorik jartzen hutsik dauden bizitetxeei erabilera emateko.
Etxebizitzaren Behatoki bat beharrezkoa dela diosku Iker Elizaldek eta Euskal Herriko Etxebizitza Institutu Publikoa eskatu du hainbat elkartek. Gaiari serio helduko dion erakunde bateratua nahi dute, finean. Azken legegintzaldian, Etxebizitzaren Aldeko Itun Soziala abiatu zuen Jaurlaritzak, arlo ugaritako eragileekin elkarlanean. Baina bileretako ildoak interes ekonomikoetara mugatzen zirela-eta, gizarte eragile gehienek Ituna utzi zutela adierazi du Amaia Elorzak, eta ondoren, Itun Sozial hankamotz horren aterpean jaio zela Lege Proiektua.
Ez dago definizio bateraturik eta horrek katramilatu egiten du zenbaiti kontuak eskatzea. Etxe hutsak erabilgarria izan behar du –edo erabilgarri izateko atondu daitekeena– eta beraz, eguneroko bizitzarako baldintza jakinak bete behar ditu. Epeak ere ez daude garbi: urtebetez erabili gabekoa da etxe hutsa batzuentzat, bi urtera arte luzatzen dute epe hori bestetzuek. Hutsik dagoen erabakitzeko zein datu hartzen diren aintzat, iritzi ezberdinak daude hor ere: ez da berdina inor erroldatuta ez duen etxea baino ez hartzea etxe hustzat, edo erroldatuta egonagatik argia eta uraren faktura ere begiratzea, pisuan norbait erroldatuta egon daitekeelako bertan bizi gabe. “Hala ere –dio Elorzak–, errolda bera eskatzea jada urrats bat da, hiru arrazoi nagusirengatik: batetik, kostaldeko herri ugaritan bigarren etxea duen jende franko dago erroldatu gabe eta hilabete askotan hutsik dagoen apartamentu horri udalak zerbitzuak eskaintzen dizkion arren, ez du herrian zergarik ordaintzen; bestetik, legeak Babes Ofizialeko Etxebizitzak sustatzera behartzen du udala, herrian erroldatuta dagoen jende kopuru jakin batetik gora; eta hirugarrenik, banku eta eraikitzaileek inor erroldatuta ez duten pisu asko eta asko dituzte hutsik, eta presio neurria izango litzateke”.
Merkatuko eraikuntzaren filosofiak kutsatu ditu Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE). Urte askoan pisu handiegiak eraiki direla salatu dute Kepasakonlakasa elkarteko kideek, luxuzko artikulu bailiran, ordaintzeko garestiegiak. BOE baten zozketan parte hartzeko iaz gehienezko diru-sarrerak hilabetean 4.000 eurora igo zituztela ere salatu dute. Beharra duen jendea al da hori? Amaia Elorzak jabetzan ikusten du arazoa: une jakin bateko egoeraren arabera esleitzen dira BOEak, eta jabetzan esleitzen direnez, gerora ez dago aldatzerik: “Beste behin, soluzioa da Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairuan eskaintzea, salmentan baino malgutasun handiagoa luketelako herritarraren garaian garaiko beharren arabera moldatzeko etxearen baldintzak (kideen araberako tamaina, diru-sarreren araberako alokairua…). Gainera, BOEak ez direla saltzen? Alokairu merkea bideratuz gero, ziur jendea sartuko dela”. Udalei nahiz gobernuei, biei dagokie –BOE sustatzaileak biak diren neurrian– alokairu publikoko Babes Ofizialeko Etxebizitzak bultzatzea.
Jabetza pribatua al da, ondorioz, denaren errudun? Kontzeptua ulertzeko modua da gakoa, Amaia Elorzaren aburuz: “Jabetza bera baino, eman zaizkion konnotazio eta gehiegizko pribilegioak dira arazoa. Merkantilizazio prozesuan, jabetza pribatua aitzakia bilakatu da berez eskubide dena merkatu ondare bihurtzeko eta ahaztu egin zaigu batzuen pribilegioak ezin direla egon besteen eskubideen gainetik; jabetza pribatuak ere funtzio sozial bat bete behar du eta hala ez denean, kolokan jarri behar dugu”.
Berme batzuen barruan, okupazioa izan daiteke etxe hutsek erabilgarritasuna berreskuratzeko modua. Hala frogatu dute Erroman Autorecupero kooperatibako kideek. 1989 eta 1999 urteen artean, Erroma erdigunean izandako desjabetzeen ondorioz 300.000 herritar kalean geratu ziren. Alokairua oso garestia zela-eta, hirigunean hutsik zeuden eraikin publikoak okupatzen hasi zen jendea eta mugimendua indartzeko aipatu kooperatiba sortu zuten, etxea zaharberritu, administrazioarekin negoziatu eta bertan bizitzen jartzeko eskubidea lortzeko asmoz. Erabatekoa da etxearen birziklapena: ingurua zaintzen eta energia berriztagarriak bultzatzen dituzte eta komunitateko lanak eta zereginak antolatzeko denbora bankua dute.
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.
Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]
Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]
Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Nafarren %68,3 biltzen dituzten 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko dituela aditzera eman du Begoña Alfaro kontseilariak. Albistea begi onez hartu arren, EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke herrietan “hutsik dauden etxebizitzak bizigarri” egitea... [+]
Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak. Tentsio handiko eremu izendatu nahi dituzten udalerrien artean daude, besteak beste, Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Corella, Noain, Cintruénigo, Baztan eta Altsasu... [+]
Berakah fundazioa “baliabiderik ez duten pertsonei laguntzeko” sortua bada ere, aurten familia bat baino gehiago kalean utzi du. Urriaren 31n izan da azken etxegabetzea, Gasteizko familia bat kaleratu dute parrokoak etxegabetze demanda firmatu ostean.