Nik amets egiten dudan munduan jendea oinutsik ibiltzen da. Epela da, beti, eta gauez tenperatura zertxobait freskatzen bada lagunak bata bestearen ondoan etzaten dira beroa konpartitzeko.
Ez da altzairurik, ez zabor ontzirik, ezta etxe paretarik behar ere. Jateko, basoak eskaintzen dituen fruituaz eta landutako landare batzuez baliatzen dira. Ez dago presarik, ez asfaltorik, are gutxiago burdinazko ontzi gurpildunik. Ziztu biziaren sentsazioa haizeak soilik ematen du. Ordularirik ez dago. Denboraren poderioa zaharren begiradan atzematen da. Erraza suertatzen da umorea, gozamena eta besarkada. Jolasteko ez dago adinik, ezta toki zehatzik ere ez. Inor ez da inorena, eta lurra berea da.
Haurrek egunak ematen dituzte zuhaitzen adarretan dauden muskerrei so. Mugitzen direnean kolorez aldatzen dira. Itsasoaren urdina eta argi-izpi horiaz zipriztindua zena orain suaren gorria hartzen du, tanta berde batzuk tartekatuz. Luzez so egon behar da istantea ikusi ahal izateko, luzez so haurrak, luzez so muskerrak, nor ala nor lehenago mugituko denaren zain.
Ni bizi naizen munduan haurrek ez dute astirik zuhaitzei so egoteko. Erritmo bizian bizi da jendea, hori bizitzea baldin bada. Hemen zuhaitzak egon badira, baina inork ez ditu ikusten. Egunak pantailen aurrean igarotzen ditu jendeak, pantailak etxean, pantailak kalean, pantailak lanean eta kotxean, pantailak sakelan edozein unetan dosia hartu ahal izateko. Loari ere tartea lapurtzen diote pantailek, siestaren orduan animalien dokumentalak ikusten baitira. Jolasteko tarterik egon bada, baina antolatua da eta ordaindu behar da. Batzuek burtsan jolasten dute, beste batzuk oporretara joaten dira jolas toki erraldoietara, eta beste batzuek ez dute jolasten, hipoteka ordaintzeko kezkak gogo guztia kendu baitie. Sentitzeko ere ordaindu egiten da, tristura sentitzeko psikologoari eta poza portu-abenturari. Bizitza zer den ahaztu zaie, eta hala ere bizitza galtzearen beldur bizi dira. Horregatik etengabe aseguruak ordaintzen dituzte. Nonbait, heriotzaren ondoren bizitzak badu jarraipena txanponetan, eta ideia honek aurreko zeruarena baino lasaitasun gehiago ematen omen die.
Ni bizi naizen munduan muskerrei ere prezioa jarri digute. Orain aluminiozkoak gara, eta kotxeen aurrealdean itsatsita gaude. Kotxe marka bihurtu gaituzte, eta denek gure jabe izan nahi dute. Orain, non ezin garen mugitu, ezin garen aldatu, orain, berriro, denak guri so daude.