argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren Dohako gailurra

Unai Pascual 2013ko urtarrilaren 08a

Froga zientifikoek adierazten dute tenperatura errekorrak hausten jarraitzen dutela, poloetako izotza espero baino bizkorrago urtzen ari dela eta itsas maila hainbat proiekziok aurreikusitakoa baino gehiago goratzen ari dela. Gainera, planeta ez da bilakaera eraginkorrik lortzen ari mende amaieran batez besteko tenperatura globalaren igoera 2 gradu zentigradoren azpitik atxikitzeko xedean. Aurreikuspen zientifikoen arabera, munduko egungo karbono igorpenak geldiarazten ez badira, munduko tenperaturek 4 eta 6 gradu bitartean egingo dute gora. Halaber, zientziak ohartarazi digu berotze globalaren eragin fisikoak berehalakoak direla eta, beraz, arazoari erantzuteko beharra geroz eta larriagoa dela.

Duela aste batzuk, 2012ko azaroaren 26tik abenduaren 8ra bitartean, 195 herrialdetako ordezkariak Dohan (Qatar) bildu ziren, COP18 delakoan parte hartzeko (Nazio Batuen Erakundeko (NBE) klima aldaketaren inguruko 18. goi bilera). NBEk sustatutako Kyotoko Protokoloa 1997an onartu eta 2005ean jarri zen indarrean 191 herrialdetan, baina 2012ko abenduaren 31n iraungitzekotan zen akordioa eta Dohako gailurrak ataka horri aurre egin behar zion. Horrenbestez, aurreko urteko Durbango bilerari (COP17) jarraiki, Kyoto ondorengo akordio berri baterako bide diplomatikoa zolatzea zen helburua. Kyotoko Protokoloan 37 herrialde industrializatuk eta EB15ek 2008 eta 2012 bitartean berotegi gasen igorpena, 1990eko igorpenak oinarri hartuta, batez beste %5,2 murrizteko konpromisoa hartu zuten.

Dohako lorpen nagusietakoa Kyotoko protokoloa berreskuratzea izan da, igorpenak murrizteko bigarren konpromiso aldia adostu baitzuten 2013ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31 bitartean. Europar Batasuneko (EB) kide guztiek, Australiak, Norvegiak, Suitzak, Islandiak, Kroaziak, Bielorrusiak, Kazakhstanek eta Ukrainak (munduko igorpenen guztizkoaren %15 ingururen erantzule diren herrialdeek) 1990eko igorpen maila batez beste %18 murrizteko konpromisoa hartu dute 2013 eta 2020 urteen artean. Kyotoko kide ziren eta asko kutsatzen duten beste herrialde batzuek, hala nola Kanadak, Errusiak, Japoniak eta Zeelanda Berriak ez dute onartu bigarren konpromiso hau, eta, halaber, AEBek eta Txinak, munduko bi karbono igorle nagusiek, bigarren konpromiso aldiaren aurkako jarrera garbia hartu dute.

Beste hiru gai garrantzitsuk toki nabarmena izan zuten Dohan, eta horietan arreta jartzea merezi du: (a) zuzentasun printzipioa, (b) klima finantzaren praktika eta (c) negoziazio mahaira ekarritako kontzeptu berria, “galerak eta kalteak”.

Zuzentasun printzipioaren arabera, iraganean gehien kutsatu duten herrialdeek erantzukizun proportzionala izan behar lukete klima aldaketak gehien kalte ditzaketen herrialdeei, oro har gutxien garatutako herrialde pobreenei laguntza ematerakoan. Askorentzat printzipio hori ez da negoziagarria, baina herrialde industrializatu gehienentzat, esaterako AEBentzat, printzipioa ez da batere erakargarria barne politikari dagokionez, suspertzen ari diren beste herrialde batzuek, nagusiki Txinak, igorpenak murriztu beharko ez dituzten beldur direlako.

Printzipio horretaz haratago, klima finantzen gaia negoziazioaren giltzarrietakoa izan da. 2009ko Kopenhageko goi bileran dagoeneko, herrialde garatuek garabidean dauden herrialdeei 100.000 milioi dolar transferitzeko konpromisoa hartu zuten, 2020an abiarazi beharko luketen klima finantzaziorako. Dohan, herrialde garatuek porrot egin dute nabarmen, ez baitute lortu mahai gainean benetako dirurik jartzea edo 2020ko helburura iristeko oinarrizko gidalerrorik adostea.

Dohako emaitza gorabeheratsuen artean, goi bilerak berrikuntza garrantzitsua ekarri du “galeren eta kalteen” gaia jorratzen hastea adostuz. Klima aldaketak etorkizunean eragingo dituen galera eta kalte berreskuraezinei aurre egiteko garabidean dauden herrialde ahulei laguntzea da xedea. Gai hau funtsezkoa da “galera” eta “kalte” terminoek herrialde askotan lege konnotazioa dutelako, eta, hurrengo goi bileran terminoak nola gauzatzen diren ikusteke dagoen arren, eguraldiaren muturreko gertaerek eragindako kalte-ordainak barne har litzake.

Klimari buruzko negoziazio mahaiaren inguruan hainbeste urtez eserita egon ondoren, aurrerabidea mantsoa da, eta gizarte zibilaren frustrazioa sekula baino handiagoa, mundu osoan ematen ari diren pausoak nahikoa ez direlako, eta ahalegin ikaragarria eskatzen duelako herrialde boteretsuenen borondate politikoa mobilizatzeak konpromiso irmoak har ditzaten eta hitzemandakoa bete dezaten.