argia.eus
INPRIMATU
Hurbildu espetxeak, hasi

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko urtarrilaren 08a

Abenduko Etxerateko txostenak dio 606 euskal preso politiko direla 84 espetxetan sakabanatuak, gehienak Espainian (445) eta Frantzian (134). Haien egoeran ez da berrikuntzarik eta etorkizunarekiko aurreikuspenean ere ez. Oraingoz, ETAk bere jarduera armatua behin-betiko eten izanak ez du ageriko eraginik izan Espainiako Gobernuaren espetxe politikan: jarraitzen du presoen egoeraren erabilera politikoarekin, mendekuaren logikan, eta haien eta beraien senideen eskubideetako asko behin eta berriz urratzen. Egoera politikoa arras desberdina izan arren, laburpen hau azken 30 urteetan egin den edozein urtekoarekin pareka liteke.

Horrek esan nahi du espetxe politika gogor salatzen jarraitu behar dela, bai ikuspegi politikotik eta baita humanitariotik ere. Ezker abertzaleari bereziki, baina baita euskal gizarteari ere, gatazkatik geratu zaion ondarerik latzena da gaur egun, eta nekez normalduko da erabat gizartea, hau eta, oro har, gatazkaren gainerako ondorioak bake prozesu adostu batean bideratu barik.

Datorren larunbatean berriz aterako da jendetza Bilboko kaleetara, eta hori izugarri garrantzitsua da, ezinbestekoa, baina ez nahikoa. Lehenik eta behin, egoera berria espetxeetan ere sentitzen has dadin nahi dutenek, horren alde modu bateratu batean egin beharko dute. Horrek, lehen urratsean, Bildu eta EAJren adostasun maila bat eskatzen du, egoera berrian zer eta nola defendatu litekeen adosteko. 1etik 10erako eskala batean, 6ko adostasunera oso erraz heldu daitezke, eta hori bera urrats garrantzitsua litzateke fase honetan.

Azken finean, PPk sentitu behar du Euskal Herrian galdu egiten duela presoen gaiarekin berdin jarraituta. Lor dezake hori ezker abertzaleak bakarrik kaleko eta instituzioetako presioarekin? Ez. Lor dezake hori EAJk bere diplomaziarekin? Nekez. Ezta Bilduk eta EAJk batera ere, baina hori ezinbesteko urratsa da ondoren PSE/PSN eta beste sektore politiko eta sozialak bake prozesuaren gurdira igo daitezen.

Dagoeneko ez da amnistiaz hitz egiten, Espainiako legeen interpretazio aldaketarekin egin daitekeenaz baizik. Datorren martxoaren 20an, esate batera, Parot doktrina dela eta, Ines del Rio presoaren alde emandako epaiari Espainiako Gobernuak jarritako helegitea aztertuko du Estrasburgoko Auziaren Areto Nagusiak. 70 bat presori eragin die mendeku doktrina honek eta Espainiako Gobernuak aukera bikaina du norabide aldaketari ekiteko, –aurreikusten den gisan– Europako giza eskubideen auzitegi gorenak epaia berresten badu.
Hortik aurrera dena izan liteke desberdin, mantxo nahi bada, baina desberdin. Espainiako Gobernuak 200 preso inguru jar ditzake kalean, bakarrik gainerako preso gehienekin egiten dena eginez, hau da, zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta izanagatik baldintzapeko egoeran kalean jarriz. Ez da lege aldaketarik behar lehen urratsean preso gehienak Madrildik gorako espetxeetara eramateko, edo hainbat preso gaixo larri baldintzapeko askatasunen jartzeko, edo Frantziari beste era batera jokatzeko baimena emanez…

Presoek ere eman beharko dituzte urrats gehiago, ezinbestean. Baina Presoen Kolektiboak dagoeneko bat egin du ETAren jarduera armatuaren etenarekin eta Gernikako Akordioarekin, eta horrek ate asko zabaltzen ditu pertsonalki ere presoek beste urrats batzuk eman ditzaten, adibidez Espainiako Zigor Kodearen 90. artikuluak eskatzen dituen baldintzak bete daitezen. Ez gaitezen engaina, dena den, giltza Espainiako Gobernuarean esku dago.

Uneren batean hori guztia gertatzen hasi beharko da, euskal herritarrek gura duten bakea eta elkarbizitzarako urrats ezinbestekoa delako. Bitartean, instituzioetan eta mobilizazioetan, ahal den eta presio gehien egitea zilegi eta beharrezkoa da.